Larunbatean Pinsequera (Zaragoza) joango gara 23-24 denboraldiko lehen jardunaldia jokatzera. Pasa den astean Cintruenigon Errege Kopako lehen kanporaketa gainditzea lortu ondoren, Liga hasteko gogo handia dugu, gure entrenatzaileak dioen bezala, “guretzat garrantzitsuena” hura baita.

Etxetik kanpo aurkari aski ezagun baten aurka

Aurkariari dagokionez, CD Pinseque, aurreko denboraldian igoerako Play Off-a jokatzeko postua lortu zuen beste taldeetako bat da, eta Aragoiko CD Paniza-ri irabazi ondoren, Kopako hurrengo faserako sailkatu da aurten, gu bezalaxe.

Diestroren arabera, “gainditu beharreko aurkarietako bat” da Pinseque, eta “modu bikainean indartu den taldea” dela adierazi digu. Gainera, azaldu du jokoaren alderdi guztiak menperatzen dituztela, eta, beraz, “oso partida ona” egin beharko dugula 3 puntuak etxera ekarri ahal izateko.

Jokalari batzuen bilakaeraren zain deialdia osatzeko

22-23 denboraldiko zigorragatik oraindik Chuky berreskuratu ezinik, Ceciren, Alvaroren eta Dylanen bilakaeraren zain dago gure entrenatzailea deialdia osatu ahal izateko. Jokalari horiek, une honetan, minduta daude, eta egoera larria izan ez arren, handicap bat izan daiteke neurketari begira. Era berean, diagnostiko ofizialaren zain, beste behin, Ikerrek ezin izango du jokatu, lesionatuta jarraitzen baitu Zierbenaren aurkako lagunarteko norgehiagokatik.

Bidaiatu taldearekin!

Gogoratu oraindik ere garaiz zabiltzatela autobusean izena eman, eta taldearekin bidaiatzeko. Sareetan iragarri bezala, izen-ematea zabalik dago Cluber aplikazioan. ANIMATUUUUU!!

GOOOOAZEN!!!!!