Errege Kopako laugarren kanporaketa jokatu genuen atzo, eta a zer-nolako esperientzia! Izan ere, ezin ahaztu irailean hasi genuen bidai honetan gainditu behar izan ditugun topaketak: Cintruénigo, Antiguoko, Wanapix Sala 10… Guztiak izan dira aurkari gogorrak.
Ildo horretan, honaino iristeak suposatu duen ahalegina dela eta, emozioz beteta egin genuen salto pistara; are gehiago jakinda Belabieta berriko harmailak beteta zeudela, eta Nafarroako gure bizilaguna den Osasuna Magna (CD Xota) maila goreneko aurkaria genuela parez-pare.
Dani, Raul, Txiki, Chuky eta Zaldua bostekoarekin hasi genuen partida, eta Osasunak, aldiz, Alejandro Palazon, Ion Cerviño, Andrés Geraghty, Pachu eta Dani Saldiserekin. Presio altu batekin estututa eta intentsitatea lehen segundotik jarrita, berdeek falta bat egin zioten Ceciri arrisku eremutik oso gertu. Horrek arratsaldeko lehen abagunea eman zigun 4. minutuan, baina gora joan zen baloia.
Aurrerago, aukera asko sortzen hasi zen talde bisitaria. Jaurtiketa ugari egin zituzten, eta adi-adi, defentsa itxi batekin moldatu behar izan ginen. Gainera, horri guztiari Daniren pare bat alderatze garrantzitsu gehitu zitzaizkion, partidatik ez irtetea ahalbidetu zutenak. Hala ere, Osasunak presio nabarmena egiten jarraitu zuen, eta 8. minutuan, gure kiroleko elitean lehiatzen den talde baten kalitateak ekarri zuen lehen gola: ekintza bateratu txukun bat egin, eta Leo Café-k ezker hegaletik sartu zuen, gure ateko zulora zuzenean jaurtita (0-1).
Gerora, gutxi falta izan zitzaion Ceciri hasierako arantzatxoa kentzeko, eta beste bi aldiz ukitu zuen gola. Saiatzeari utzi ez, eta lehen zatiaren erdialdean iritsi zen saria: bigarren falta batek penaltia ekarri zuen, ondoren Ivanek gola bihurtu zuen penaltia, hain zuzen (1-1).
Partida berdinduta, atezain nafarraren esku-hartzeek markagailuan aurrea hartzea eragotzi zuten. Dani ere ikusgarri zegoen arren, ezin izan zen baloi galdu batera iritsi, eta 15. minutuan, 2-1ekoa ipini zuten. Dena den, minutu bat beranduago, Chukyk ez zuen barkatu nahi izan area barruan (2-2). Bigarren aldiz berdintzeak ekarri zuen euforiak eta poztasunak beharrezko indarra eman ziguten emaitzari atsedenaldira arte eusteko. Eta zein ondo!
Aldageletatik itzuli ondoren, Marcos, Zaldua, Chuky, Txiki eta Raulekin eman genion hasiera bigarren zatiari. Jokoan zegoenaz jabetuta, arrisku handia sortzen jarraitu zuten bisitariek, eta aukera politak izan zituzten, baina ez zuten asmatu bigarren zutoinean. Horren aurrean, Chukyk eta Raulek erasoan erantzun zuten, eta markagailua gure alde jartzeko zorian egon ziren.
Minutuak pasa ahala, gutxinaka, Miguel Hernandezek zuzendutakoek baloiaren jabetza hartu zuten, eta bata bestearen atzetik desbideratu behar izan zituen Marcosek, amaierarako 6 minutura Linhares-en eskutik iritsi zena ahalik eta gehien luzatzeko (2-3).
Hala ere, emaitzak oso estua izaten jarraitzen zuen, eta ez genuen zalantzarik egin lehiatzen jarraitzeko orduan; izan ere, Zalduak erremate batekin altxa zuen harmaila osoa, eta hortxe-hortxe geundela baieztatu zigun. Hortaz, gauza bakarra buruan: behin bi aldiz berdintzea lortuta, zergatik ez hirugarrenez? Ideia horri eutsita, gure entrenatzaileak 5eko jokoa aukeratu zuen. Horri esker, 3 aldiz gauzatu ahal izan bagenuen ere, Xotako atezainak lan nabarmena egin zuen.
Azken hasperenetan, gutxi aldatu zen ordura arte ikusi genuen jokoa, eta norgehiagoka bukatzeko 2 minutu falta zirenean, Dani Saldisek behin betiko 2-4koa jarri zuen, aurretik egindako errematea alferrik galdu gabe.
Iruñera bidaiatu zuen, beraz, garaipenak, eta guk agur esan genion Errege Kopari. Gozatu dugun abentura honek une ikusgarri bezain hunkigarriak eman dizkigu, eta horietako bakoitza gure zaleekin partekatzeko zortea izan dugu. Porrota jaso arren, Diestrok, pozik, honako hau adierazi zuen: “Gaur izan dugun gene lehiakorrari eusten badiogu, gainerako guztia bakarrik etorriko da”. Bestalde, Miguel Hernández Osasuna Magnako entrenatzaileak ere eskaini zizkigun hitz batzuk: “Oso argi genuen partida gogorra izango zela. Ez da erraza izan, baina minutuak pasa ahala, indartu egin gara”.
Bihotzez mila esker esperientzia honetan bidelagun izan zareten guztiei. Orain, arreta guztia Ligan jarrita! GOOOOOAZEN!!!