Larunbatean Tolosaldeko derbia jokatu genuen; bi denboraldi luzez itxaron dugun derbia, Donostian jokatu arren, talde bateko zein besteko zaleei esker harmailak giro ederrarekin bete dituen derbia.
Gisa honetako norgehiagoken berezitasuna medio, Dani, Beñi, Txiki, Zaldua eta Gorkarekin hasi genuen partida. Taldeko lehen ekintzak onak izan ziren, eta eroso geunden. Ondorioz, 8. minutuan iritsi zen aldeko gola, Cecik area barrutik aldaratze batean sartu zenean (0-1). Handik bi minutura, Ivanek Ceciren zerbitzura sartu zuen (arrisku gunetik honek ere), berak egindako lapurreta bati esker (0-2). Ondoren, atsedenaldirako 7:32 falta zela hurbildu zen Laskorain, jokaldia bigarren zutoinetik gauzatuta (1-2). Hala ere, aldea handitzea lortu genuen beste bi golekin: lehena Gorkarena (1-3), 13. minutuan, beste behin pibot gisa duen trebetasuna erakusten (1-3), eta bigarrena Txikirena, 19. minutuan (1-4), atezainaren hutsegite bat ondo aprobetxatzen. 1-4koarekin joan ginen atsedenaldira.
Aldageletatik itzuli ondoren, Dani, Raul, Txiki, Zaldua eta Gorkarekin ekin genion bigarren zatiari. Partida oso praktikoa egiten ari ginen, eta horren aurrean, tolosarrek defentsa oso altua aukeratu zuten. Beraz, zertxobait gehiago kosta zitzaigun gure lana egitea. Horrela, Laskorain 5eko jokoarekin emaitza iraultzen saiatzen ari zen bitartean (lehen zatiko azken hasperenean bezala), Gorkak jokoa utzi behar izan zuen amaierarako 6 minutura, gaur ofizialki baieztatu dugun lesio batengatik: ezker oineko lehen metatartsoaren luxazioa.
Urretxuarra baja garrantzitsua izan zen arren, partida erabakita uzteko balio izan zuten azken minutuak, aldeko beste bi golek 1-6ko emaitzarekin itxi baitzuten partida. Cecik 52 segundoren faltan sartu zuen penalti-lerrotik lasaitasun handiarekin jaurtitzen, taldeko koordinazio on bat borobilduta. Azkenik, Chukyk 4 segundo besterik ez falta zirenean asmatu zuen pistaren beste aldetik, atea hutsik zegoela barkatu gabe.
Amaieran, Diestrok honakoa adierazi zuen: “Partida oso lehiatua izan da, derbietan gertatzen den bezala. Oso pozik nago emaitzarekin, oso garrantzitsua baitzen gaur 3 puntuak lortzea. Maila emozionalean ere garrantzitsua izan da, derbia beti baita partida berezia”.
Laugarren postuan jartzen gaituzten funtsezko hiru puntu lortu ditugu. Larunbateko gol-ekarpena oso banatuta egon zen, eta Liga hasieran kontrako gol asko jasotzetik gatozela kontuan hartuta, larunbatean jasotako bakarrak gure taldeak bilakaera ona izaten ari dela esaten digu. GOOOOOAZEN!!!