Pandemiaren ondorioz hilabete askotako etenaldiaren ondoren, azkenean, entrenamenduekin hasteko aukera izan zenuten. Dena aurrera zihoala zirudienean, eta liga hastear zegoenean, albiste txarra iritsi zen: Nafarroako Gobernuak ezarritako mugikortasun murrizketak medio, nafarrak ezin izango zenuten ez entrenamenduetara ez partidetara joan

1. Nola sentitu zinen albistea ezagutu zenuenean?

Egia esan, apur bat zapuztuta. Ez zen erraza izan barneratzea eta, are gutxiago, hilabete eta erdi entrenatzen egon ondoren. Denbora asko geldirik egon ostean, berriro ere lehiatzeko aukera ikusten genuen eta hura egun batetik bestera kentzea gogorra izan da.

Ziurgabetasunez betetako hilabetea izan da. Ezin genuen entrenatu, partidak bertan behera utzi behar ziren eta aurten liga jokatzea ezinezkoa izango zela sentitu nuen. Futbola gure pasioa da, baina ororen gainetik pertsonak gara eta osasuna da garrantzitsuena.

2.Zuen kabuz entrenatzen ibili zarete?

Bai, talde teknikoak entrenamendu egokituak prestatu dizkigu, sasoi fisikoa ez galtzeko eta baldintza onenetan iristeko. Fisikoa baino, kolpe psikologikoa izan da, ez baita gauza bera taldean entrenatzea edo bakarrik korrika egitera joatea. Niri nire pasioa taldekideekin partekatzea eta haietaz gozatzea gustatzen zait.

3.Orain egoera konpondu dela, nola sentitzen zara?

Lehiaketa berriro dastatzeko eta areto futbolaz gozatu ahal izateko oso gogotsu. Orain, COVID-aren aurka lan egiteko garaia da. Egoera honetatik indartuta atera behar dugu, egokitu eta kirol honetaz gozatu, ez baita denboraldi erraza izango.

4.Jokalari aldaketak, mister berria, rol berria zure kasuan kapitain gisa… Zer espero duzu denboraldi berri honetatik?

Beste modu batera ekingo diot denboraldi honi. Teknikariak eta jokalariak nitaz fidatu dira kapitain izateko. Horrek harrotasuna eta motibazioa suposatzen du niretzat eta, aldi berean, erantzukizun handi bat. Baina klubak nigan sinetsi du eta nik nire lanarekin, esperientziarekin eta gauzak ondo egiteko gogoarekin erantzungo dut.

Bestalde, denboraldi gogorra izango da, hiru baja garrantzitsu izan baitira, bai talde mailan, bai maila pertsonalean. Aitzolek utzi gintuen, taldeko “alma materrak” eta nik esaten nion bezala Gure Kapitanak. Bestalde, Javik, gure “gol-gizonak”, 7 urtez aldagelak partekatu ondoren, aurkari izango denak. Eta azkenik Oihanek, niretzat ligako jokalaririk erabakigarrienetako bat eta nire baldintzarik gabeko babesa. Orain ez dugu etxean bakarrik borrokatuko.

Taldea osatzeko, Raid etorri da. Azkar moldatzea espero dugu, bere bertuteak ustiatuz eta daukan onena emanez. Gainera, aurreko denboraldian debuta egin zuten Alvarok eta Bolik postu finkoa irabazi dute aurten. Espero dezagun hauen gaztetasunak eta freskotasunak taldeari ukitu berritu bat ematea.

Aldaketa garrantzitsuena

Aldaketarik garrantzitsuena misterraren aldaketa izan da; izan ere, Alfredoren (2B mailako entrenatzaile onenetarikoa) agindupean 3 denboraldi eman ondoren, aire-aldaketa bat etorri da. Jota ilusio berrituekin iritsi da, ikuspuntu propioarekin eta lan asko eta ona egiteko gogoz. Merezi dugun lekura iristeko helburuan izugarri lagunduko digu. Lauburu berri honek zerbait handia sukaldatzeko osagaiak ditu. Faltan botako dut Belabieta beteta sentitzea, baina laster ikusiko dugu elkar.