Neurketa bikoitza asteburu honetan Lauburu Ibarra Mahalarentzat Castro Urdiales C.F.S. taldearen aurka. Lehen partida orain arte atzeratutako ligako 2.jardunaldiari dagokio eta Belabietan jokatuko da larunbatean, arratsaldeko 16:00etan. Bigarren norgehiagokari begira, bigarren itzuliaren barruan ligako 9.jardunaldiari dagokiona, igandean jokatuko da eta bi taldeak goizeko 12:00etan lehiatuko dira Castroko Pachi Torre kiroldegian. 

Aurkariari dagokionez, 3 partida jokatzetik dator eta guztira puntu bat lortu du orain arte, sailkapeneko bosgarren postuan kokatuz. Kantabriako derbia galdu egin zuen, baita Jarrilleros Peñota Dental taldearen aurka jokatutako neurketa. Azkenik, aurreko astean jokatutako azken partidan, non talde bizkaitarraren aurka jokatu zuten berriz ere, 4 eta 4-eko emaitza batekin berdintzea lortu zuen, nahiz eta partidaren azken 5 minutuak iritsi arte markagailuan aurretik joan (1-4). 

Horrekin lotuta, “dekretua eskuan, aurre-denboraldi osoa egin ahal izan duen” taldea dela adierazi du Aitor Arevalo entrenatzaileak Castroren inguruan eta datu horrek “haien alde” jokatzen duela, “entrenamenduen erritmoa handiagoa izanik”. Gainera, Aitorren arabera, “Castrok multzoa gidatzeko taldea du eta iaz egin zuen bezala, lehen postuak lortzeko borrokan arituko da”. Are gehiago, “taktikoki kontuan izan beharreko talentua” duten jokalariak dituela gaineratu du eta hori lantzeak denbora eskatzen duela, “lehiaketa honetan ordaintzen den bidesaria” izanik. “Oso talde bertikala da, gurearen antzeko eraso-sistema du eta 1x1ean gainezka egiteko gaitasuna du. Defentsa mailan banakako defentsa sistema batean oinarritzen dira, eta horrek baloi gabe mugitzea eskatzen du, espazioak irabazten saiatzeko”, azaldu du Arevalok. 

Beraz, gure taldeak ondo ezagutzen du aurkaria eta, hortik abiatuta, modu espezifikoan aritu da lanean dena prest izateko. Asteburu konpletoa izango da Lauburu Ibarra Mahalarentzat, eta, zalantzarik gabe, lidergoari eusteko balioko luketen 6 puntuak lortzeko gogor borrokatuko dute.

Azkenik, jakinarazi nahi dizuegu Belabietako partida streaming bidez emango dugula zuzenean gure YouTubeko kanaletik. Bertan itxarongo zaituztegu!

GOAZEN LAUBURU!!!!