Larunbat honetan gure taldea Belabietara itzuliko da 18:30ean eta Gora Grupo Ironen bisita jasoko du. Bi aste ere ez dira igaro Jotak zuzentzen duen taldeak bizkaitarren aurka jokatu zuenetik, eta, 7-1eko emaitzarekin galdu ostean, erreakzionatzeko gaitasuna neurtu nahi dute, haiengandik gertuago lehiatzeko gai diren ikusteko.

Gora Grupo Iron, mailara igo berri, denboraldiari hasiera ona eman dion taldea da eta gaur egun sailkapeneko 2. postuan dago, liderrarengandik puntu bakarrera. Orain arte jokatutako 7 partidetatik 5 irabazi eta 2 galdu dituzte, guztira 15 puntu pilatuz.

Gure taldeari dagokionez, astean zehar “ondo lan” egin dutela adierazi du Jotak eta “emaitzetan baino gehiago lanean zentratzea” dela garrantzitsuena. Hala ere, “zuzeneko norgehiagoka hau irabazten saiatzea” dute helburu. Gainera, jokalari guztiak sartuko dira biharko deialdian. Zumeta bere molestietatik errekuperatu da eta zailtasunik gabe entrenatu du asteazkenean eta ostegunean. Zumetak bezala, Andonik ere arazorik gabe osatu ditu asteroko saioak eta badirudi jarraipen gehiagorekin sartuko dela bihar pistara. Peñari dagokionez, taldearekin entrenatu ez duen arren, deialdian egongo da eta saioetara datorren astean itzuliko dela dirudi. Horri dagokionez, “partidei jokalari guztiekin aurre egitearen” garrantzia azpimarratu du gure entrenatzaileak. 

Horrela, bi porroten ostean, egoerari buelta ematen saiatuko da gure taldea eta hiru puntuak Belabietan geratzeko borrokatuko du. “Larunbata iristeko irrikan gaude eta sentsazio onak berreskuratu nahi ditugu, batez ere, defentsan”, esan du Arreguik.

Gogorarazi nahi dizuegu oraingoan ere partida zuzenean jarraitzeko aukera izango duzuela, bai Youtubeko gure kanaletik (Lauburu K.E Komunikazioa), baita Twitterreko gure kontu ofizialetik ere (@LAUBURUKEIBARRA).

Zuen zain egongo gara!

GOAZEN LAUBURU!!!!