MARTXAN JARRAITZEN DUGU!

Aste batzuk falta dira ofizialki txapelketari ongi etorria eman ahal izateko, eta 2B mailako gure taldeak aurre-denboraldian murgilduta jarraitzen du, asteroko saioetan gogor lan eginez, baita gure jokalarien prestakuntzan funtsezkoak diren lagunartekoak jokatuz ere.

Azken honekin lotuta, udako oporretan iragarri genuen bezala, Zaragozan jokatu genuen lehena, bigarren mailako Colo Colo bisitatuz. Kategoria horretako talde baten aurka lehiatzea ikasteko eta hazten jarraitzeko aukera ematen duen luxu bat bada, pentsa ezazue zer den haien aurka berdinketa lortzea (3-3 Oscar, Txiki eta Chukyren golekin). Jotak adierazi zuenez, oso pozik eta sentsazio onekin amaitu zuten norgehiagoka. Onodren, bigarren lagunartekoari dagokionez, abuztuaren 27an izan zen, eta Iruñera joan ginen aurreko denboraldian errebelazio taldea izan zen SCDR Anaitasunaren aurka jokatzera. Arreguiren arabera, oso berdinduta egon zen norgehiagoka, eta oso garrantzitsua izan zen trantsizioen defentsa eta estrategiarena landu ahal izatea. Era berean, azaldu zuen taldea “erasoan solte eta sendo” ikusi zuela, eta “erosoak” zeudela nabaritu zitzaiela. Horri esker, 2-2ko emaitzarekin amaitu zen topaketa, Txikiren eskutik etorri zirelarik bi golak (eskuin hegaletik egindako jaurtiketa batekin lehena, eta Oscarri falta bat eraginda etorri zen penalti bati esker bigarrena).

Orain, Jotak nabarmentzen duen sentsazio positibo horri eutsi ahal izateko, jakina, kontzentratuta jarraitzeko unea da. Esan bezala, gutxi falta da lehiaketarako, eta gogo handia dugu; are gehiago hainbeste indar ematen digun marea morearekin batera bada. Horrela, larunbat honetan 11:30ean Belabietara hurbiltzera animatzen zaituztegu, urteko hirugarren lagunartekoa izango den horretan talde moreari babesa ematera. Aurkariari dagokionez, CD Otxartaberen bisita jasoko dugu, kategoriako aspaldiko kidea, eta lehen itzuliko emaitzak iraultzea eta 21-22 denboraldia hirugarren postuarekin amaitzea lortu zuen talde bizkaitarra.

Azkenik, ezin albiste hau itxi klubak San Bartolome jaietan antolatu zuen 3×3 txapelketa arrakastatsua aipatu gabe. Guztira 26 izen emate izan ziren, horietatik 6 emakumezkoen taldeak izan zirelarik. Ibarrako txikiek giro osasuntsu eta dibertigarriaz gozatu ahal izan zuten. Horrelako emaitzekin, nola ez zaigu gustatuko kirol hau? GOAZEN LAUBURU!!!!