Larunbatean denboraldiaurreko hirugarren lagunartekoa jokatu genuen, CD Otxartaberen bisita jasota Belabietan. Gero eta gutxiago falta da lehiaketari hasiera emateko eta, horrexegatik, erronka berri bakoitzean dena ematea funtsezkoa izaten jarraitzen du oraindik.

Zentzu horretan, gure taldea zaleekin batera gozatzeko gogoz zelairatzen zen larunbatean, eta Otxartabe beti aurkari zaila izan den arren, Jotak partidaren amaieran adierazi zuen norgehiagoka “berdinduta” egon zela “arlo guztietan”. Denboraldiaurre honetan jokatutako aurreko lagunartekoetan bezala, helburua zen defentsa posizionaleko egoerak ixtea. Horregatik, taldeak defentsa baxua planteatu zuen, eta baloia aurkariari eman zion. Horrek bizkaitarrak jokoan gehiago egotea eragin zuen, arriskua eta ziurgabetasuna sortuz. Dinamika horretan, Otxartabek markagailua estreinatu zuen (0-1) eta, gutxira, berdinketa lortu genuen Uriren eskutik, bigarren zutoinetik eta Oierren zerbitzura (1-1).

Lehen zatian gertatutakoa kontuan hartuta, bigarrenean lehentasuna zen defentsa baxuko egoera zuzentzea, eta, gure entrenatzaileak esan duenez, “jarrera gogorrago bat erakustea”. Hala egin zuen aurkariak ere. Aurrerago, bigarren zutoinetik iritsi zen berriro gure gola, oraingoan Iliasek egina, Chukyren eskutik (2-1). Bigarren zutoinetik egindako bi golek erakusten dute hobekuntza bat ikusten ari garela alderdi horretan, iazko urtearekin alderatuta.

Azken minutura iritsita, markagailuak aldaketarik gabe jarraitzen zuen. Dena den, ez zen aukera faltagatik izan. Otxartabekoak azken 6 minutuetan aritu ziren arriskua sortzen atezain jokalariarekin, eta guk neurketa ixteko aukera izan genuen Ikerren bi jaurtiketa bortitzekin. Hala ere, erabaki batean huts egin, defentsa oldarkorregi bat erabili, eta partida erabakita uzten zuen berdinketa etorri zen (2-2). Emaitza aldatu ahal izan genuen azken jaurtiketa batekin, baina langan amaitzen zuen baloiak. Horrela, Anaitasunaren aurkako lagunartekoaren antzeko egoera bat errepikatzen genuen, garaipena lortzeko azken minutuak nola egokitu asmatu gabe.

Orain, larunbatean Belabietara itzuli eta hurrengo lagunartekoa jokatzeko gogoz (vs. Burgokso Juventud del Círculo, 11:30), gaurko, biharko, asteazkeneko eta osteguneko saioetan lanean jarraitzea tokatzen zaigu. GOAZEN LAUBURU!!!!