Bihar, Patatas Gomez Sala 2012 hartuko du gure taldeak arratsaldeko 18:30ean

Larunbat honetan, Zaragozako talde baten aurka jokatuko dute berriro moreek, Belabietan Patatas Gomez Sala 2012 hartuz Ligako zazpigarren jardunaldian. Aurreko denboraldiko faseetan haiekin gurutzatu ez baginen ere, gure jokalariek badakite talde gogor batetaz nari garela; izan ere, iaz Play Off-etan egoteko adina lana egin zuen, baina COVID egoerak eta zenbait lesio larri medio, ezin izan zuten lortu.

Patatak-en sailkapenari dagokionez, 3 partida irabazita, 1 berdinduta eta 2 galduta, zazpigarren daude sailkapenean 10 punturekin. Horrela, postu bakarragatik daude ibartarren aurretik. Jotaren arabera, Zaragozakoek izaera erasokorra dute eta, horren ondorioz, kolpe ona. Gainera, badakite baloia nola tratatu eta domeinua izatea gustatzen zaie. Defentsan, bi ildo oso markaturekin lan egin ohi dute.

Gureek ere lan ona egin dute astean zehar. Astelehenetik ostegunera osatutako saioekin, joan den asteburuko akatsak zuzendu dituzte. “Lehengo egunean Pinsequen irabazteko falta izan zitzaiguna landu dugu”, zioen Christianek entrenamendu batean. Deialdiari dagokionez, Boli lehiaketako erritmoa hartzen ari da eta berriro sartu da Jotaren zerrendan. Berarekin batera, beste guztiak deitu ditu gure misterrak eta, jakina, Euskal Ligako jubenilen laguntza izango dugu, nahiz eta aste honetan Beñat kanpoan geratu. Azkenik, hainbat tramiteen ondoren, Eric etxean estreinatuko dela baieztatu dezakegu! Funtsezko beste laguntza bat plantillaren osaketan, zalantza gabe.

Horrekin guztiarekin, bihar egun garrantzitsua da eta ezinbestekoa izango da 3 puntu lortzea, postuak igotzeko zein asmo handiko helburuaren alde egiten jarraitzeko. Gogoratu Belabietara sartu ahal izateko bazkide izan behar duzula, zure txartela erakutsiz. Hala ez bada, derrigorrezkoa izango da aldez aurretik sarrera gure web orriaren bidez erostea. Zuen zain gaude!!

GOAZEN LAUBURU!!!!