Aurreko denboraldian ere lehen postua eskuratu zuen mailako liderraren aurka jokatuko dute bihar piparreroek

2B mailako gure taldeak Ligako hamaikagarren jardunaldiko partida jokatuko du larunbat honetan etxean. Horretarako, Tafa FS sailkapeneko liderraren bisita jasoko dute, iaz ere Ligako txapeldun izendatu zena.

Jotaren ustez, ez dago zalantzarik: partida oso zaila izango da, batez ere, nafarrek aurreko denboraldiko talde egiturari eusten diotela kontuan hartuta. Gainera, kalitate handiko jokalariak gehitu dituzte, eta, horrekin, talde are lehiakorragoa osatzen dute.

Hala ere, ibartarrek aurkaria jasotzeko gogo handia dute. Hobekuntza egoera batetik gatoz, azken bi norgehiagoketan 4 puntu batuz. Helburua horretan jarraitzea da, eta zer hobe hura Tafallakoa bezalako talde baten aurrean lortzea baino.

Deialdiari dagokionez, ezer gutxi aldatzen da bajei dagokienez. Juaristik min hartuta jarraitzen du eta Eñaut zalantza da oraindik osatu ez delako. Oscarrek ere zenbait molestia sentitzen ditu, baina larunbaterako ahalik eta prestatuen egotea espero dugu. Horri guztiari, gainera, atzo goizean gure sareetan iragarri dugun ezusteko albistea gehitu behar zaio: Adil, 21-22 denboraldirako fitxaketa berrietako bat, bere herrialdera joan da arrazoi pertsonalengatik.

Handicap honek gure jokalarien animoetan eraginik ez izatea espero dugu. Norabide egokian gaude murgilduta eta horrela jarraitu behar dugu.

Beste astebetez itxarongo zaituztegu Belabietan! Zuen indarra funtsezkoa da!

GOAZEN LAUBURU!!!!