Lauburu Ibarra Mahala Bilboko Gora Red Blue taldearen aurka estreinatuko da igande honetako 10:00etan ligako lehen jardunaldia jokatzeko. Aitor Arevalok zuzendutakoek aurre-denboraldia asteroko entrenamenduekin hasi bazuten ere, ez ziren lehiatzera iritsi; izan ere, ezarritako osasun murrizketek egun batetik bestera gelditzera behartu zituzten. Hala, duela bi aste jakinarazi zuen Euskadiko Futbol Federazioak Eusko Jaurlaritzaren baimena taldea entrenamenduetara pertsonen mugarik gabe itzultzeko. Nahiz eta geldialdi luzearen ondorioz hasierak ziurgabetasun handia sorrarazi, Lauburu Ibarra Mahala martxan jarri zen eta entrenatzaileak jada iragarri zuen litekeena zela Gabonetan norgehiagokaren bat jokatu behar izatea.
Horrela, ligari hasiera emateko ilusioa eta gogoa oso handiak dira. Aimar Zubillagak, taldeko lehen kapitainak, itxaronaldia “oso luzea” izan dela komentatu digu eta konpromiso handiz, “ahalik eta baldintza onenetan” itzultzen direla pistetara. Zubillagak bezala, Arevalok ere adierazi du “ilusioz beteta” daudela txapelketaren hasierarekin, eta “2020. urtea atzean utzi eta igandea iristeko gogo handia” dutela.
Aurkariari dagokionez, Mikel Azkorrak zuzentzen duen taldea da; eskarmentu handiko entrenatzailea, 40 minutuetan zehar aurkariak ezustean harrapatzea gustatzen zaion horietakoa. Horrekin lotuta, iaz lehen zatian zonakako defentsa-sistema bat erabiliz harrapatu zituela azaldu du Arevalok, eta bakarkako defentsa erabiliz, berriz, bigarrenean. “Aldaera horien ondorioz, prest egon behar dugu topaketaren amaieran argudio erasotzaileak izateko”, esan du Aitorrek.
Horrekin guztiarekin, gure taldeak lehia estua izango du bere estreinaldian. GOAZEN LAUBURU!!!!