Larunbat honetan, 2B mailako gure taldeak Bilbora bidaiatuko du, Ligako lehen aurkaria izango den CD Otxartaberen aurkako lagunartekoa jokatzera

2021-2022 denboraldia bueltan da eta, zenbat eta gehiago hurbildu, orduan eta gogo handiagoa dugu hasteko. Izan ere, 20 egun pasa dira jada egutegi ofiziala argitaratu eta gure lehen partida irailaren 18an CD Otxartaberen aurka etxean jokatuko dugula jakin genuela. Denontzat oso berezia den data bati buruz hitz egiten ari gara. Zer hobe aro berri baten hasiera gure ondoan dauden ikusleekin partekatzea baino. 

Gure egutegian aspalditik markatuta dagoen eguna da, beraz. Hala ere, urtero esan izan ohi dugun bezala, data horren bezitasuna gorabehera, lagunarteko partidek osatzen dute lehiaketaren oso zati garrantzitsu bat. Horiek, gure jokalarien baldintza fisikoak egiaztatzeko ez ezik, taldean elkarrekin jokatuz indarguneak eta ahuleziak aztertzeko ere balio dute. Gainera, denboraldi honetan aurpegi berri asko ditugula kontuan hartuta, funtsezkoak izango dira Jotak zuzentzen dituenentzat.

Ildo horretan, duela aste batzuk iragarri genuen lehen lagunartekoa larunbat honetan bertan izango zela Bilbon, goizeko 11:30ean (publikorik gabe). Bertan, Ligako lehen aurkaria izango den CD Otxartaberen aurka jokatuko dugu. Duela urte askotatik kategoriako multzo bera partekatzen dugun talde bat da Otxartabe, beti buruko postuetan borrokan egoten dena; izan ere, denboraldi bat baino gehiago darama Bigarren Mailara igotzeko Play Off-ak jokatzen. 

Horren aurrean, gure taldeak gogotsu egingo dio aurre norgehiagokari, entrenamenduak hasi zituztenetik egindako lana islatzeko asmoz. Aurretik datorren guztiaren inguruan mentalizatzen hasteko modu bikaina. Larunbatean, etapa berri bat hasiko da. Aurreko urteetan bezala, partidako xehetasun bakoitza gure Twittterreko kontu ofizialetik jarraitu ahal izango duzue.

GOAZEN LAUBURU!!!!