Larunbat honetan Nafarroara bidaiatuko dugu Tafatrans Vulcanizados Ruiz taldearen aurka jokatzeko arratsaldeko 18:00etan. Ideiak argi edukiz, helburua ondo markatuta eta oso landuta dago. Horrela, Alvaro izan ezik (dakigun bezala bere lesioagatik ezingo baitu denboraldi amaierara arte berriro jokatu), plantilla osoa 15:00etan irtengo da autobusean Ibarratik, denboraldi osoko neurketa zailenetako bati aurre egiteko asmoz.

Lehen fasea 1.postuan bukatu ondoren, Tafallako taldeak lider jarraitzen du. Gainera, joan den astean ezagutu zuten beren lehen porrota, Otxartabe bilbotarraren aurkako norgehiagokan (8-3). Hortaz, puntu mailan eta koefizienteetan oinarrituta, talde morea nafarrengandik 5 puntu ingurura dago eta Otxartabe bigarren sailkatuarengandik, aldiz, 3-ra.

Aurkariaren emaitza onak kontuan hartuta eta bere gaitasunen jakitun, ibartarrak oso gogor ari dira lan egiten aste osoan zehar. Iñigok atzo kontatu zigunez, Leandro Fernandezek zuzentzen duen taldearen “jokatzeko modua” lantzen ari dira, eta badakite “kalitate handia” dutela. Hala ere, moreek 3 puntuak eskuratu nahi dituzte, larunbateko partidatik zerbait ateratzea ezinbestekoa izanik. Horrekin lotuta eta bi aldeen egoerak aztertuta, Jotak esan bezala, gure taldeak lortu dezaken edozein puntu zuzen beti izango da baliotsuagoa aurkariak lortu dezakena baino eta, horregatik, “puntuak lortzeko eta gauzak zertxobait bat zailtzeko gogoa” dutela gaineratu du. Era berean, Leandrori entzun ahal izan diogu (Celebración del 99-k bere 110. podcastean eginiko elkarrizketan), larunbateko norgehiagoka “final” bat dela beraientzat; batez ere, maila igoerako Play Off-a jokatzeko eskubidea emango liekeen postua matematikoki ziurtatzeko.

Etxean liderraren aurka jokatzea, gainera, ikusleekin, ez da batere erraza izango, zalantzarik gabe. Galdu ezkero, aipatutako Play Off-a zailtzen hasiko litzateke; are gehiago Otxartabek Pinseque AD taldearen aurka irabaziko balu. Hori kontuan hartuta, Arreguik “partida garrantzitsu” gisa definitu du aste honetako neurketa, “lehen bi postuetako bat eskuratu ahal izateko ez ezik, San Juan bezalako taldeek hirugarrena ez mehatxatzeko”. Halaber, gaur egun nafarrekin dagoen distantzia nahiko nabarmena denez, partida gogorra izango dela adierazi du gure entrenatzaileak. “Dena den, orain arte Tafallari irabaztea ezinezkoa zela zirudien arren, Otxartabek erakutsi du posible dela”, esaten digu Jotak. Oso antzera, lehia zaila izango dela esan du Leandrok eta garrantzitsuena “partida ona ikustea eta merezi duenak irabaztea” izango dela.

Gure taldeak, beraz, bertan zerbait polita egiteko ilusio guztiarekin bidaiatuko du, ahalik eta jokorik onena eginez eta amaierara arte borrokatuz. Gogoratu partida zuzenean jarraitzeko aukera izango duzuela, bai Tafatranseko YouTube-ko kanaletik (TAFA FS), baita Twitterreko gure kontu ofizialetik (@LAUBURUKEIBARRA) ere.

Zuen egongo gara!

GOAZEN LAUBURU!!!!