Larunbatean Bizkaiko Zierbena taldea jaso genuen etxean. Zierbena da, hain zuzen, sailkapenean atzetik estutzen gaituen taldea, eta gu bezalaxe, astero Play Off-eko laugarren postu hori lortzegatik borrokatzen duena.

Beti esaten dugu etxeko partidak bereziak direla bizipenak partekatu ahal ditugulako gure zaleekin, baina are bereziagoa zen asteburu honetakoa, kontuan hartuta aurretik Euskal Ligak jokatzen zuela eta klubak kanpaina polita jarri zuela martxan Belabieta betetzeko. Horrela, Arevaloren mutilen garaipenaren ostean, gure txanda iritsi zen. Gogo handiarekin zelairatu ginen, eta batez ete, 3 puntuen garrantziaz kontziente.

Dani, Rivadulla, Gorka, Iván eta Chukyrekin hasi genuen lehen zatia. Lehen minutuak oso azkar pasa ziren, eta norgehiagokaren ibilbidea zein izango zan argi eduki ezinik genbiltzan momentuan, Zalduak arratsaldeko lehena sartu zuen 12. minutuan, Ceciren eskutik baloia falta batetik jasotzean (1-0). Poztasuna ikaragarria izan bazen ere, Zierbenako Ekaitzek minutu bat gehiago bakarrik behar izan zuen eskubiko hegaletik baloia gure ate barrura sartzeko (1-1).

Horren aurrean, Zaldua berriz agertu zen atsedenaldirako 5:33ra gure taldea beste behin aurretik jartzeko (2-1), ateko hutsunea bikain ikusita. Aurrerago, atsedenaldirako 1:20ra, Zierbenako Efrenek berdinketa jarri zuen falta batetik egindako jaurtiketa bat area barrutik bukatuta (2-2). Aldaketa gehiago gabe, aldageletara joan ginen bigarren zatirako dena erabakitzeke utzita. Are gehiago, zapore gazi-gozoa sentitu genuen azken bost minutuak aprobetxatu ez genituelako, errenta handitzeko aukera argiak izan genituelako, eta aurkariaren berdinketa baino lehen bi penalti bikoitz argi ukatu zitzaizkigulako.

Aldageletatik itzuli ondoren, Dani, Ivan, Rivadulla, Gorka eta Txikirekin eman genion hasiera bigarren zatiari. Bigarren minutuan, aurretik aipatutako Zierbenako Efren jokalariak bigarren txartel horia ikusi zuen, beraz, kanporatua izan zen, eta nagusitasunean jokatzeko aukera izan genuen. Ordurako, jokalari bizkaitarrak bere partidako estatistikan jada pilatuak zituen gol on bat, penalti argi bat Zalduari, Chukyri odoletan utzi zion esku-zarta bat, eta area barruan Zalduari egindako beste bat. Epaileek ez zuten baina ezer ikusi, ezta baloia jotzeko aukerarik gabe atzetik egindako beste falta argi bat ere, bigarren txartel horia lortzeko motiboa izan zitekeena. Dena den, zorionez, partidako irudietan egiazta daiteke hori guztia, eta espero dugu epaileek berrikuspena egin ahal izatea, euren lana hobetzen jarraitze aldera. Badakigu zaila dela, eta guk ere ez dizkiegula egoera errazak jartzen, baina, hala ere, oraingo honetan, partidaren kontakizunean islatu behar izan dugu gertakaria, liskar zehatz hau askotan errepikatu izan baita.

Horrela, talde bizkaitarraren defentsa txukunaren aurrean abantaila aprobetxatu ezin horri, 26. minutuan Fernandok hegaleko sake batetik egindako hirugarren gola gehitu behar zaio (2-3). Hori gutxi balitz bezala, 34. minutuan txartel gorria jaso zuen Txikik. Honek izugarrizko mina eman zigun, berdinketaren bidean guztiz murgilduta geundelako.

Eta hemen, berriro itzuli zen polemika azken boladan markatutako derbi batean, interpretatzeko zailak diren epaileen erabakiek gure kontra egiten jarraitzen dute eta. Klubak txartel gorria errekurrituko du, eta beharrezkoa den administrazio-bidea jarraituko du; izan ere, jokaldian Aitorrek Txiki erasotzen du ondoren, eta jada txartel hori bat zuen jokalari aurkaria da Aitor, hain zuzen. Hala ere, epaileek ulertu zuten han ez zela zigorra merezi zuen ezer pasa, eta bikain triangulatu zuten tangana txikia, ulertzera eramanda, han, faltatik haratago, ez zela ezer gehiago pasa. Ondorioz, protestak areagotu egin ziren noski, eta zuzeneko hausnarketak aho zabalik utzi gintuen berriro. 

Horrekin lotuta, igande goizera arte erabilgarri egon ez zen aktak alde batetik dio hasieran ‘txartel gorri argia belaunaren parean baloia jokatzeko aukerarik gabe sartzeagatik’ zena, orain, hanketako muskulu bikietan sartzeagatik izan zela. Hau ere kosta egiten zaigu ulertzea, baina irudiek agerian uzten dute 40×20 barruan zuzenekoan konpondu ezin izan zena. Bestetik, dio ‘sarreraren indarkeriagatik erreakzio logiko bat’, egon zela. Badirudi araudiak orain logikoa ikusten duela aurkari bati erasotzea, baldin eta epaileen interpretazioak erasoa eragiten duen jokaldiak hori justifikatzen badu.

Ezbeharrak gorabehera, gutxiagotasuna defendatu genuen, eta 2-4koa saihestu. Jarraian, 5eko jokoarekin saiatu arren, aurreko guztiak denboraldi honetan hainbeste arrakasta eman digun proposamenaren zehaztasunaren gainetik nabarmendu zen, eta 2-3ko emaitzarekin agurtu behar izan genuen partida. Zorionak aurkariari, denboraldi bikaina egiten ari den talde oso lehiakorrari, bere lan onagatik.

Norgehiagokaren amaieran gure entrenatzaileak honakoa adierazi zuen: “Ez dugu lortu beren indarguneei aurre egitea. Xehetasunak hobetu behar ditugu aukerak izaten jarraitzeko “. Mikelek dioen bezala, Zierbena puntu bakar batera jarri da gure atzetik, eta aste santuko atsedenaldia dator orain. Aurretik, 6 jardunaldi zirraragarri, 6 final, huts egiteko tarterik gabe; izan ere bizkaitarrengandik urruntzen gaituen puntu bakar horrek ez digu balio koltxoi bezlaa,  ez baitu golaverage partikularra Zierbenaren aldekoa delako. 

Aurreko denboraldian bizi izandakoaren oso antzeko egoeran gaude, eta zorabiozko Liga amaiera batean esprintari eusteko gai izan baginen, orain ere izan gaitezke. 

Jakina, ez dugu kronika hau amaitu nahi neurketan gurekin egon ziren zale guztiei eskerrak eman gabe. Ez dugu ahaztu nahi, halaber, hitzezko indarkeriagatiko protokolo-abisua aktibatu zela, gutxi batzuen jarrera desegokiagatik. Lanean jarraituko dugu hau berriro gertatu ez dadin, gure taldeari animatu bitartean, aurkariei, epaileei eta beste edozeini errespetua mantentzea posible dela nabarmentzen.

GOOOOAZEN!