Ligako hogeita batgarren jardunaldira iritsita, hemendik aurrerako guztia erronka da Alfredo Hualdek zuzendutako mutilentzat. Taldeak bost garaipen lortu ditu jarraian eta horrek jokalarien kontzentrazio eta inplikazio maila islatzen du. Gainera, gorenera iristea ahalbidetuko duten asmo handiko helburuak lortu nahi badira, hau da mantendu beharreko jarrera. 
Joan den asteari dagokionez, talde moreak Zaragozara bidaiatu zuen defentsan irmotasunez eutsi eta erasoan aukerak sortzeko ideiarekin; joko maila hori 40 minutuetan mantentzeko asmoz. Dena den, bazekiten erraza izango ez zen partida bati aurre egin beharko ziotela. Hala adierazten zuen jokalarietako batek, Andoni Agirrezabalak: “Aurkariaren beharrak eta eskaintzen duen maila lehiakorra ikusita, hasieratik genekien partida zaila izango zela”.
Eta, hain zuzen ere, partida oso konplexua izan zen ibartarrentzat; batez ere jokoko 40 minutuak golean amaitu ezin ziren jokaldiez beteta egon zirelako. Hala ere, Lauburuk lehiatzen eta eusten jakin izan zuen; 3 puntuak 0 eta 2-ko emaitza batekin eskuratuz. Horrekin eta markagailuak islatzen zuen emaitza kontuan hartuta, taldea erasoan ez zela ondo aritu azpimarratu nahi izan zuen partidaren amaieran Hualdek eta oraindik ere oso garrantzitsua dela ahalik eta gehien ahalegintzea. 
Hortik aurrera, aste honetan benetan gogorra den aurkari bati aurre egiteko ordua izango da: CDF Zierbena. Gaur egun, 11 garaipen, 5 berdinketa eta 4 porrotekin, talde bizkaitarra 5. postuan kokatzen da eta 38 puntu ditu. Era berean, 38 puntu pilatzen ditu seigarren postuan dagoen Ibararte C.D. taldeak ere. 
Zalantzarik gabe, Bizkaikoa oso talde indartsua da eta izen handiko historia du kategorian. Horrez gain, azken bi denboraldietan bajak izan dituen arren, bere burua berrasmatu eta ohorezko postuengatik borrokan jarraitu du. Gogora dezagun, gainera, Lauburuk denboraldi honetako lehen porrota talde honekin ezagutu zuela.
Hortaz, garaipena lortzeko helburu argiarekin, jokalari ibartarrak azken asteetako ahuleziak sakon lantzen eta entrenatzen ari dira. Are gehiago, azken asteetako baja guztiak gaindituta, Alfredo Hualdek jokalari guztiak berreskurtatu ditu eta, beraz, ez dago aitzakiarik %100ean ez lehiatzeko.
Beste astebetez, taldeak gogor egin beharko du ohorezko postuetan sartzeko. 3 puntuak batuz gero, gora egingo lukete egun kokatzen diren postutik eta hori ezinbestekoa eta beharrezkoa da txapelketako altura hauetan, non 10 jardunaldi eskas geratzen diren jokatzeko.
Ideiak argi edukita, ez dezagun ahaztu helburuak lortzeko borrokatu egin behar dela eta borroka egiteak dena ematea esan nahi duela. Baina horretarako gaude eta horretarako gozatzen dugu hainbeste gauza transmititzen dizkigun kirol honetaz. Orain egiten den ahalegin guztiak merezi izango du, eta asko gainera.
GOAZEN LAUBURU K.E IBARRA!!!!
Bestalde…
Ohorezko Jubenil Mailak atseden hartuko du aste honetan. Hala ere, entrenamenduetan lanean jarraitzen dute, Portugaleteko Jarrilleros F.S C.D taldearen aurka bi aste barru jokatzeko. Aitor Arevaloren mutilek sailkapeneko hirugarren postuari eusten jarraitzen diote eta, joan den larunbatean La Esperanza-Rangers C.F taldearen aurka lortutako garaipen garrantzitsu eta landuarekin, bigarren postuan dagoen Otxartabe C.D taldearengandik puntu bakarrera daude. Beraz, oso zentratuta daude maila horretan lehiatzen jarraitzeko, partidaz partida puntu gehiago pilatuz. 
AUPA LAUBURU IBARRA MAHALA!!!!