Bihar, beste behin ere, Zaragozako lurretara joango gara, AD Patatas Gómez Sala 2012 taldearen aurka jokatzeko arratsaldeko 18:45ean. Denboraldiko 22. jardunaldiari dagokio norgehiagoka, eta gogorarazten digu aurten gero eta zailagoa dela puntuak gehitzea (are gehiago kasu honetan, kontuan hartuta Belabietan Patatasen aurkako neurketan 2-4ko emaitzarekin galdu genuela, eta haiek izan zirela etxean irabazi ziguten lehenak).
Egun, sailkapeneko 7. postuan kokatzen da aurkaria, 31 puntu pilatuta, gure taldeak baino 7 gehiago. Orain arte jokatutako 21 partidetatik, 9 irabazi, 4 berdindu eta 8 galdu ditu. Horrekin lotuta, Alamancosek esan digu zonako defentsa oso ondo erabiltzen duten jokalariak dituela, eta “indartsuak” direla etxean.
Horren aurrean, gure entrenatzaileak jokalari guztiak deitu ditu, Alvaro izan ezik, ez baita bere lesiotik guztiz osatu. Jorgek ez du bidaiatuko oraingo honetan ere, dakizuen bezala, aita izan baita duela gutxi.
Eszenatokia ez da onena, ezta azken jardunaldietako bolada ere, baina, Alamancosek azaldu bezala, “ilusioz gainezka” goaz, eta, jakina, egoerari buelta emateko gogoz. Badakigu hori dela gauzak aurrera ateratzeko behar den jarrera, atzean dagoen asteko lana eta inplikazioa erakutsiz.
GOAZEN LAUBURU!!!!