Larunbatean Zierbenara joan ginen Ligako bederatzigarren jardunaldia jokatzera. Bihar jokatuko dugun Errege Kopako partidagatik aste ezberdina izan arren, plantilla osoak bazekien gure ontziak azken aldian hartutako norabidea aldatu beharra zegoela. Horrela, puntuak lortzeko gogotsu, bateria kargatuta iritsi ginen Bizkaira.

Dani, Txiki, Chuky, Dylan eta Raul bostekoarekin hasi genuen neurketa, eta bosgarren minutuan, etxekoek markagailua estreinatu zuten lapurreta bati esker iritsi zen jaurtiketa batekin. Handik lau minutura, 2-0ekoa islatzen zuen emaitzak, kontraeraso azkar bati amaiera bikaina ematen asmatu baitzuten bizkaitarrek. Gehiagorako gosez, Zierbenak hirugarren golarekin itxi zuen lehen zatia, gure ate hutsak eman zien aukera galdu gabe.

Aldageletatik itzuli ondoren, Dani, Zaldua, Raul, Txiki eta Chukyrekin eman genion hasiera bigarren erdiari, eta 22. minutuan bertakoek laugarren gola lortu zuten arren (5eko jokoa erabiltzen ari ginela, berriro ate hutsera jaurtitzen), jokalari atezaina mantenduta, Beñat Zalduak segundo batzuk geroago erantzun zuen penalti-marratik.

Markagailuko aldea handia zen, eta aurkariaren jokoari eustea ez zen nahikoa handik zerbait ateratzeko. Hortaz, gure saiakera guztiek huts egin, eta azken txistua entzun genuen 4-1ekoarekin. Partidaren amaieran, Diestrok honakoa adierazi zuen: “Aurkari guztiak gu jartzen ari ez garen intentsitate puntu bat daukate, eta hori da aldea nire ustez. Kosta ahala kosta hobetu behar dugu, sailkapenean gorago egotea merezi baitugu”.

Min handia ematen duen beste neurketa bat izan zen pasa den asteburukoa; izan ere, behar genuen bultzada emango liguke garaipenak. Sentsazio txarrak alde batera utzita, orain, Errege Kopako esperientziaz ahalik eta gehien gozatzea dagokigu, eta bihartik aurrera, gure asteroko lanean buru belarri jarraituko dugu. GOOOOAZEN!!!!!