Alfredo Hualderen mutilak zaporeko luzeko garaipen horietako bat utzi zion atzokoan Belabietara inguratu zen publikoari. Garaipenak, jokoan zeuden puntuengatik ez ezik, aurrean zuten taldearen garrantziagatik ere, denboraldi guztian zehar egindako lana justifikatzen du. Ez zen oso partidu ona izan, ezta ikusgarria ere, baina ibartarrek erakutsitako seriotasunak eta anbizioak moratuen afizioa gozatzera eraman zuen.
Tentsioak eta aurkariari gailentzeko gogoak defentsak lehenestea ekarri zuen erasoen gainetik, eta kantxako metro bakoitza izerdiaren bidez erdiestea. Bi taldeak atetik urrun defendatzen, lehenengo denboran sortutako aukera gutxik baloia ateratzean ostu ostean eta atezainak bikain alderatu zituzten kanporako tiroekin etorri ziren.
Lehenbiziko zatia hutseko berdinketarekin amaituko zela ematen zuenean, Andoni Carlosenak bandan ostutako baloi batekin aurreko lerroetara iritsi eta Javi Saldiseri pasa zion, honek bere ohiko errematearen bidez Iñigo atezaina gainditu zuelarik. 1-0ekoa zen eta justu, bisitariek izandako gol aukera garbiena gertatu eta segituan izan zen. Honela, atsedenaldira lan ona egindakoaren sentsazioekin iritsi zen.
Bigarren zatian jokoak tonika bera jarraitu zuen. Bertakoek lauko jokoa 3-1eko erasoarekin txandakatzen zuten sanjuandarren defentsa sendoa eraisteko asmoz. Aldaera hau erasoan bere fruituak ematen hasi zen eta minutuak pasa ahala, ibartarrak iñigoren atean arrisku gehiago sortzen hasi ziren. Igor Echarriren aukera garbi baten ostean, 2-0ekoa markatu zuen Javi Saldisek 28. minutuan. Danik ateratako korner batean buruz sartu zuen atezaina ukitu eta gero.
Markagailuan 2-0 eta Iruñekoek aurrera pauso bat eman behar izan zuten beren eraso jokoan. Ez zitzaien gaizki Joan, orduan sortu baitzuten Zuhaitzen atean arriskurik handiena. Honek eutsi zion emaitzari askotan bere parte hartze onarekin. Une horietatik salbu ateratzeak hauspotu egin zituen ibartarrak eta markagailuan tartea handitzeko unea zela erabaki zuten. 3-0ekoa Aitzolek egin zuen. Ibarrako kapitainak Garmenen tiroa atezainak alderatu zuenean jaso zuen bisitarien area inguruan jokaldi nahasi batean.
4-0ekoa hiru minutu ondoren iritsi zen, eta moratuek atzokoan izan zuten anbizioaren erakusle izan zen. Berriro Andoni Carlosenak baloi bat ostu zuen pista erdian; anaia Oihanekin konektatu, honek berriro berari itzuli eta Andonik Igor Echarriri pasa. Azken hau bigarren zutoinean agertu zen eta maisutasunez ate hutsean errematatu zuen. Etxeko markarekin egindako gol bikaina.
San Juani bosteko jokoa ateratzea bakarrik geratzen zitzaion. Iker Bizkaien mutilak oso ongi moldatzen dira erregistro honetan, baina bertakoak sakon prestatu zuten eskenatoki hau eta defentsan ederki asmatu zuten joko honek iraun zuen 6 minutuetan zehar. Egonezin puntu bat sortu zen Pulidok 4-1ekoa egin zuenean, alderatze batzuen ostean aske geratu zen baloi bat hartu eta gero. Ziurgabetasun segundo gutxi izan ziren, Andoni Carlosenak eta Igor Echarrik gol bana sartu baitzuten kantxa propiotik. Andonik, akrobazia posizio batekin, egindako 5-1ekoak lasaitasuna zabaldu zuen, garaipena etxean geratuko zen ziurtasuna. 6-1ekoa Igorrek egin zuen,eta amaiera bikaina eman zion moratuek egindako talde lanari.
Final bat gutxiago; jada bi partidu besterik ez dira geratzen ikasturtea amaitzeko. Moratuek astebeteko geldialdiaren ostean Guadalajara bisitatuko dute eta Aragoiko Colo Colo jasoko dute. Talde hau, Lauburuk San Juani irabazi ostean, ligako irabazle bilakatu da; Lauburu bigarren postutik puntu batera jarri da eta Segorbek Guadalajararen contra galdu ostean laugarren postuan kokatu den Zierbenarekin 3 puntuko abantaila lortu du. Hauek dira kontuak, Guadalajarara irabaztera joan beharra dago, edozein estropezuak abantaila kenduko lioke-eta. Lantaldeak eta kuadro teknikoak bi esfortzu gehiago egin beharko ditu, maiatzaren 19an ospatzeko asko dutela iristeko. #GoazenLauburuKEIbarra
PARTIDUAREN XEHETASUNAK
LAUBURU K.E. IBARRA: Zuhaitz, Andoni Agirrezabala, Andoni Zumeta, Andoni Carlosena (1) eta Igor Echarri (2). Oihan, Dani, Aitzol (1), Beñat, Javi Saldise (2), Garmen eta Peñak ere, jokatu zuten.
A.D. SAN JUAN: Iñigo, Mikel, Aitor, Txema eta Santiago. Oroz, Julen Pulido (1) eta Romanek ere, jokatu zuten.
TXARTEL HORIAK: Zumeta, Andoni Carlosena, Igor Echarri eta Zuhaitz (LAUBURU K.E. IBARRA) / Mikel, Oroz, Aitor, Txema eta Santiago (A.D. SAN JUAN).
KANPORAKETAK: Txema (A.D. SAN JUAN).
GOLAK
1-0 MIN 18 Javi Saldise
2-0 MIN 28 Javi Saldise
3-0 MIN 31 Aitzol
4-0 MIN 34 Igor Echarri
4-1 MIN 36 Pulido
5-1 MIN 38 Andoni Carlosena
6-1 MIN 39 Igor Echarri
EPAILEAK
Ivan, Moreno Catarecha (Aragoiko Komitea)
Isabel, Sancho Bayona (Aragoiko Komitea)
KRONOMETRATZAILEA
Daniel, Dos Anjos De Celis (Euskal Komitea)
Oharra: Bazkide guztien artean Bentaldea jatetxeak eskainitako afariaren irabazlea Ibon Bengoetxea Izagirre izan zen.