Bere historia emankorrean lehenengo aldia izango da Lauburu K.E. Ibarraren izena Errege Koparen aurreneko errondaren zozketan egongo dela. Lehenengo eta Bigarren Mailako talde guztiak parte hartuko duten torneoan egoteko saria iraila aldean jasoko du Lauburuk. Alfredo Hualderenak porrota bakarreko eta aurkarien jazarpen gogorreko bigarren itzuli baten ostean lortu duten harrapakina izan da. Hori baino garrantzitsuagoa, hala ere, neurri batean behintzat, klubari merezi duen postua itzultzearen lorpena da.
Guzti hau atzoko partidaren ostean etorri zen, moratuek, atzokoan zuriz, ezer jokatzekorik ez eta umiltasunez jolastu zuen aurkari handi bat gainditu ondoren. Ibartarrak Guadalajara determinazio handiz garaitu zuten, intentsitate eta kontzentrazioarekin, atzoko eguna egutegian gorriz markatuta zegoela erakutsiz. Hasieratik egon zen Lauburu bertakoek baino sendoago. Bi taldeak defentsa beren atetik urrun egiten zuten, baina ibartarrak ziren aurkariaren irteera estutzen zutenak, eta lehenbiziko aukerak bisitarien aldera erortzea eragin zuen horrek.
Bederatzigarren minutuan ezarri zuten abantaila ibartarrak markagailuan. Andoni Carlosenak baloi bat ostu zuen tokiko areatik hurbil eta Javier goitik gainditu zuen. Ezkaroztarrak arazo fisikoak ditu, baina hala ere saio bikaina burutu zuen atzokoan, moratuen hiru goletan partehartze aktiboa izan baitzuen, horietako bi markatuz eta hirugarrenaren asistentzia eginez.
Bertakoek berregiten saiatu ziren, urruneko jaurtiketen bidez arriskuak sortzen. Peñak trebeziaz alderatu zituen saiakerak izan ziren. Eta arrisku gehien sortzen jarraitzen zutenak bisitariak ziren, eta gehiago asmatu izan bazuten, atsedenaldiaren aurretik errenta handiagoa lortuko zuten.
Bertako entrenatzaileak dinamika hau bosteko jokoarekin iraultzeko saiakera egin zuen, lehenbiziko denbora amaitzeko 8 minutu falta zirela. Ez zitzaion oso ongi atera, sortutako aukerei dagokionez, baina gutxienez ibartarren nagusitasuna desegitea lortu zuten.
Guadalajara laukoarekin jokatzera itzuli zenean iritsi zen berdinketa, Laubururen zoritxarreko jokaldi batean. Lehenengo zatia amaitzeko bi minutu falta zirela, bisitarien eraso bat errebotean kantxa erdiraino iritsi zen jaurtiketa batean amaitu zen, eta erasoan bakarrik geratu zen Luisi erori zitzaion. Jokalari honek baloia kontrolatu eta Peña azpitik gainditu zuen berdinketa ezarriz. Emaitza honekin iritsi ziren atsedenaldira.
Aldageletatik bueltan, ibartarrak martxa bat gehiago zutela erakusten zuten. Intentsitate puntu horrek Alfredoren mutilei baloia ostea ahalbidetzen zien Ivanen atean arriskuak sortuz. Oihan eta Javi saldise Lauburu berriro abantaila egoeran jartzeko zorian egon ziren, baina lehenengoak ezin izan zuen bere errematea zehaztu atezaina irteeran driblatu ostean, eta bigarrenak kornerretik egindako jaurtiketa bortitzak berriz, langa jo zuen.
1-2koa 25. minutuan iritsi zen. Bandako sake batean tokiko area inguruan, baloia Andoni Carlosenari iritsi zitzaion eta eskuineko oinarekin egindako erremate batekin Ivanen atean sartu zuen defentsako jokalari bat jo ostean. Laubururen nagusitasun hori markagailuan islatzea ongi etorri zen. Atean Peñak eusten zituela, moratuek partiduaren bila joan ziren, gauzatu ez ziren hainbat aukera sortuz.
Bertakoek berriz, partiduan sartuta jarraitu zuten eta 9 minutu falta zirela entrenatzaileak berriro atezain jokalaria atera zuen. Baloia kanpotik mugituaz, tokikoek arrisku egoera asko sortu zituzten 10 metroetatik. Peñak lan bikaina egin zuen orduan, kostata lortutako errenta hori mantentzen jarraitzeko.
Bost minutu falta zirela iritsi zen azken 1-3koa, berriro estrategia jokaldi batean. Andoni Carlosena lehenengo zutoinean jarri zen baloia jaso eta Javi Saldiseri atzean uzteko, eta honek bigarren zutoinean markatu zuen. Guadalajarakoek bosteko jokoarekin saiatzen jarraitu zuten, amaitzeko bi minutu falta ziren arte. Ibarrako defensa indartu zela eta baloiak osten hasi zela ikusita etsi zuten unea izan zen.
Norgehiagoka honela amaitu zen, moratuek pozarren egindako lan bikainagatik, baina beste emaitzak jakin arte pozari eutsiz. Zierbenak galdu zuela jakin zutenean askatu zuten beren poza, horrek hirugarren postua ziurtatua zutela esan nahi baitzuen. Orduan jabetu ziren ibartarrak, lortutakoaz. Helburu bera zuten talde asko dauden multzo batean, Zierbena edota Segorbe bezalako entitate handiko aurkariak gainditu dituzte. Orain datorren asteko erronkari aurre egitea besterik ez zaie geratzen; bigarren postua dago jokoan, egun San Juanek betetzen duena, hain zuzen, puntu bateko aldearekin. Ez da erraza izango, aurkaria Zaragozako Colo Colo izango baita, pasa den jardunaldiaz geroztik ligako txapeldun dotorea. Denboraldi bikain honetarako sari hoberik ezin da imajinatu, lehenengo eta hirugarren sailkatuen arteko norgehiagoka. Moratuen afizioan konfiantza dugu eta ziur gaude Belabietara etorriko direla taldearekin eta areto futbolaren festa eder honekin gozatzera.
#GoazenLauburuKEIbarra

PARTIDUAREN XEHETASUNAK

ESCUELAS CIUDAD DE GUADALAJARA F.S.: Javier, Alvaro, Iván, Carlos eta Miguel Angel. Cristian, Luis (1), Miguel, Jonathan, Andrés, Alberto eta Ivanek ere, jolastu zuten.
LAUBURU K.E. IBARRA: Peña, Andoni Agirrezabala, Andoni Carlosena (2), Javi Saldise (1) eta Igor Echarri. Aitzol, Dani, Oihan, Garmen eta Zumetak ere, jolastu zuten.
TXARTEL HORIAK: Igor Echarri (LAUBURU K.E.).
GOLAK
0-1 MIN 9 Andoni Carlosena
1-1 MIN 18 Luis
1-2 MIN 25 Andoni Carlosena
1-3 MIN 35 Javi Saldise
EPAILEAK
Aitor, García Núñez (Gaztela Mantxako Komitea)
Víctor A., Peinado Martínez (Gaztela Mantxako Komitea)
KRONOMETRATZAILEA
David, Merencio Valle (Gaztela Mantxako Komitea)