Liga hasierako norgehiagoka honek bi aurpegi oso desberdinak erakutsi zituen. Lehenengo zatian, joko ikusgarria, aurkariaren atera askotan iritsiz eta atsedenaldia aurretik 4-1eko emaitza lortuz. Bigarrengoan berriz, bisitarien hobekuntza eta lehenbiziko minutuan gola jasan behar izateak moreak aztoratu zituen, hiru puntuak lortu ahal izateko amaiera arte sufritu behar izan zutelarik.
Norgehiagokaren hasieran bi taldeak defentsa altua ezarri zuten, aurkariaren aurrerapena eragozteko helburuarekin. Moreak hobeak izan ziren erasoan eta defentsan hobeto estutu zuten. Hori dela eta, Burgoskoen atera arrisku handiko iritsierak egin zituzten, eta horietako batean, Javi Saldisek kantxa erdian ostu eta Oihanekin batera Carran menderatuz 1-0ekoa ezarri zuen. Handik pixka batera 2-0ekoa etorri zen, Andoniren baloi luze bat defentsa batek desbideratu zuenean atezain bisitariari aukerarik eman gabe. Neurketa ongi zihoan talde morearentzat, baina Juvek tartea txikitzea lortu zuen, bandako sake batean Juantok egindako jaurtiketa sendo batekin. Minutu batzuk ika-mikan ibili ziren, eta aukerak bientzako izan ziren, baina Oihanek lortu zuen Danik egindako zerbitzu on bat sareetara bota zuenean, honela 3-1eko emaitza ezarriz markagailuan. Ez zen azkena izango, handik gutxira Javi Saldisek errepikatu eta 4-1ekoa egin zuen, Andoni Carlosenak egindako asistentziaz baliatuta. Hemendik atsedenaldirako tarte horretan errenta handitzeko aukera izan zuen Lauburuk baina abilezia falta izan zitzaion. Aldageletara oso sentsazio onekin joan ziren, bai jokoarengatik bai emaitzarengatik.
Atsedenaldia, baino, ez zitzaien batere ongi asentatu bertakoei, eta bisitariei berriz alderantziz. Bigarren denbora hasi eta minutu batera Israk 4-2koa egin zuen 12 metroetatik egindako jaurtiketa zuzen batekin. Kolpe gogorra izan zen ibartarrentzat eta nokeatuta geratu ziren, denbora erdira arte jokoan eta gol okasioetan Burgoskoek agindu zutelarik, baina Peñan abileziari esker bi goleko errentarekin jarraitu zuen talde moreak. Bigarren denboraren erdialdean Lauburu suspertu eta aurkariaren presioari pitzadurak aurkitu eta gol aukera batzuk sortzea lortu zuen. Batzuetan atezainaren lan bikainagatik eta bestetan langa jotzeagatik azken minutuetara emaitza berarekin iritsi ziren. Raul Zamorak orduan, bosteko jokoa atera zuen, baina ez zuen emaitzarik lortu, Andoni Carlosenak kantxa propioan ostu eta ate hutsera bota ostean norgehiagoka erabakita utzi baitzuen. Partiduaren azken arnasetan, hala ere, Juvek emaitza makillatzea lortu zuen Juantoren kanpoko jaurtiketa bat zutoina ukituaz sartu eta 5-3 ezarri zuenean.
Bi aurpegiko neurketa izan zen beraz, burututako lehenengo zati bikainak, Lauburuk 2018-2019 denboraldia hiru puntuekin estreinatzea eragin zuen.
Orain atsedena hartu eta hurrengo erasoa prestatzen hastea tokatzen da. Errege Koparen aurretiko jardunaldia gainera; hitz potoloak dira eta pasa den denboraldian sailkapenean hirugarren egiteagatik lortutako sariaz gozatzeko aukera dugu. Datorren asteartean izango da, irailak 18an Belabietan bertan 20:00etan, Iruñeko San Juan Donibane taldearen kontra.
Gogoan izan, 2018-2019 denboraldi honetan talde morea ikusi eta animatzeko, abonatuen kanpaina aurrera doala: #AukeratuMoreeginLauburu
GOAZEN LAUBURU K.E. IBARRA!!!!!
NORGEHIAGOKAREN XEHETASUNAK
LAUBURU K.E. IBARRA: Peña, A. Carlosena (1), Oihan (1), J. Saldise (2) eta Beñat Aldalur. Aitzol, Zumeta, Alvaro, Garmen, Dani G., A. Agirrezabala eta Zuhaitzek ere, jokatu zuten.
BIG MAT FONTECHA JUVENTUD DEL CIRCULO: Carran, Miguel, Oli, Fer eta Mario. David, Alex (1 pp), Ercilla, Isra (1), Samuel, Juanto(2) eta Cremerek ere, jokatu zuten.
TXARTEL HORIAK: Andoni Carlosena, Dani García y Zuhaitz (LAUBURU K.E. IBARRA) / Juanto e Isra (BIG MAT FONTECHA JUVENTUD DEL CIRCULO)
GOLAK
1-0 MIN 3 Javi Saldise
2-0 MIN 5 Alex (pp)
2-1 MIN 8 Juanto
3-1 MIN 10 Oihan
4-1 MIN 14 Javi Saldise
ATSEDENALDIA
4-2 MIN 21 Isra
5-2 MIN 39 Andoni Carlosena
5-3 MIN 40 Juanto
EPAILEAK
Marco García Glez (Kantabriako Komitea)
Miguel Trueba Fraile (Kantabriako Komitea)
KRONOMETRATZAILEA
Verónica Dos Anjos de Celis (Euskal Komitea, Gipuzkoako Territoriala)
Atsedenaldian DANON TXOKOA jatetxean bi lagunentzako egindako afari baten zozketan, Iñigo Garmendia suertatu zen irabazle. Zorionak!