SAN JUAN AD – LAUBURU KE IBARRA MAHALA
Lauburu Ibarra Mahalak ligako lehenengo itzuliaren azken jardunaldia jokatuko du datorren larunbatean. Aitor Arevaloren mutilak Iruñeara joango dira ligako egungo liderra den AD San Juan taldearen aurrean neurtzera. 17:00etan izango da eta liga hasieratik pitzadurarik erakutsi ez duen taldea garaitzen saiatuko diren gazte hauentzat froga bikaina izango da norgehiagoka hau.
Javier Viedmak gidatzen du Iruñeako talde honek, 11 garaipen eta berdinketa bakarren 96 gol sartu ditu eta 29 jaso. Zenbaki hauek erakusten dute ofentsibarako potentzial ikaragarria duela talde honek. Ibartarrek bi lagunarteko jokatu zituzten aurredenboraldian bere kontra; Belabietan 0-6 eta San Juanen bertan 9-0 galdu zituzten biak. Norgehiagoka hauetan garbi geratu zen jada, ligako titulua lortzeko hautagai serioa izango zela eta orain arte lortu dituen erregistro bikainak ikusita halaxe da.
Gabonak pasata, talde moreak bere bosgarren garaipena jarraian lortu nahiko du, eta neurketa honen zailtasunaz jakitun izanda ere, ilusioz egingo diote aurre. Martin Ibarbia ez da larunbatean norgehiagoka jokatzeko moduan izango.
Entrenatzailearen hitzetan: “San Juan taldeak bai erasoan baita defentsan ere, erritmo bizia jartzen duen taldea da; defentsa altua erabiltzen du eta baloia intentsitate handiarekin estutzen saiatzen da, aurkariaren akatsak bilatu nahian. Baloia geratutako ekintzetan golak sartzen dituen taldea da, beraz, argi ibili beharko dugu. Momentu onean iritsiko gara partida honetara, eta kontzentrazio handienarekin hasten bagara min egiteko gai izango gara, jokoan gero eta baliabide gehiago ditugulako eta sortzen diren egoera desberdinak ere, irakurtzeko gai garelako. Maila berean lehiatu eta taldeak nola eboluzionatu duen ikusi nahi dugu”.
#GoazenLauburuKEIbarra #AukeratumoreeginLauburu