LAUBURU K.E. IBARRA MAHALA – CDF AUZOAK DE ZIERBENA
Lauburu Ibarra Mahalak 3nako berdinketa egin zuen etxean Zierbenaren kontra. Bisitariek baino gehiago izan ziren norgehiagokan, baina azken metroetan ohikoa duten jo ezagatik ordaindu zuten Aitor Arevaloren mutilak.
Ligako hirugarren sailkatua etorri zen Belabietara; defentsa arloan oso talde sendoa da eta azken metroetan bertikala, ikuslearentzat eta talde morearentzat norgehiagoka ikusgarria bilakatzeko osagai erakargarriak biak. Arevaloren taldeak erronka onartu zuen, eta nola gainera. Neurketa hasi eta ibartarrak aurkaria baino abiadura handiagoarekin, bizkaitarren defentsa eraitsi zuten. Lehenbiziko okasioak iritsi ziren, baina bisitarien atezainak burututako lan bikainak eragotzi zuen neurri handi batean moreen garaipena. Minutuak goraka eta talde bizkaitarraren arrastorik ez erasoan; okasioak jarraian sortzen ziren moreen bandoan, baina azken metroetako eraginkortasun falta larriagatik emaitza mugitu gabe jarraitzen zuen. Zortzi minuturen faltan Iker Zubelzuk 1-0ekoa egin zuen kornerreko estrategia ekintza baten ostean. Bi minutu beranduago Gurruk 2-0ekoa sartu zuen taldeko ekintza kolektibo bikain batean. Hala ere, emaitza motza izaten jarraitzen zuen. Bisitariek hiru aldiz bota zuten atera lehenengo zatian; emaitza honekin joan ziren aldageletara.
Bigarren zatian neurketa erabat aldatu zen, bisitariek intentsitate handiagoarekin estutzen zuten, ibartarren jokoan akatsak sortu nahian. Lehenengo minutuan murriztu zuten aldea, talde moreak jokoa eraikitzean egindako akats baten ostean. Lau minutu beranduago, bertako atezainaren irteera txar bat eta berdinketa egin zuten; Moreen kontrako norabidea hartzen ari zen norgehiagoka; bisitarien kontraerasoek egoera arriskutsuak sortzen zituzten. Minutuak aurrera zihoazen eta emaitzak lehengoan jarraitzen zuen. Azken minutuetan sartu zen norgehiagoka; 3 minutu falta zirela bisitariek 2-3koa ezarri zuten markagailuan eta Arevalok bostekoa ateratzea erabaki zuen. 45 segundoren faltan Gurruk 3nako berdinketa ezarri zuen atezain jokalariarekin egindako taldeko ekintza kolektibo baten ostean. Denbora pixka bat geratzen zen oraindik eta edozer gauza gerta zitekeen, eta halaxe izan zen: ibartarrek 1xP pare bat xahutu zuten eta bisitariek 3×1 bat. Azken ikuskizuna izan zen; talde morea garaipenetik porrotetik bezain gertu egon zen, eta lehenengo zatiko norgehiagoka ikusita, azken emaitzak zapore garratza utzi zuen.
Partidaren amaieran entrenatzaileak hauxe adierazi zuen: “Taldeak oso lehenengo zati ona egin du baloiarekin, abiadura eman dio, bisitarien defentsa eraitsi du eta gol-aukera asko sortu dira, baina ez dugu nahi adina asmatu. Bigarren zatiaren hasiera ez da batere ona izan. Norgehiagoka garai honetan berdindu egin da eta erasoaldi batzuetan akatsak egin ditugu. Azken unetan denetatik pasa zatekeen. Ez nago gustura emaitzarekin, porrota zaporea baitu, baina lanean jarraitu beharra daukagu norgehiagoketan ematen diren eraso-egoera desberdin batzuk hobetzen saiatzeko, eta azken erabakiak hobetzeko ere bai, talde honek herren egiten duen alderdia da-eta”.
#AukeratuMoreeginLauburu #GoazenLauburuKEIbarra