Iazko txapeldunaren aurka jokatu behar genuen, liga berriz irabazteko diseinatutako kalitate handiko talde baten aurka. Horretaz oso kontziente, partida “benetako erronka” izango zela aurreratu zuen Jotak. Gainera, Andoni Agirrezabalaren lesioarekin batera, jokatzeko zalantzekin zegoen Endika, bizkarreko zenbait molestia zirela eta. Gure atezain tolosarraren inguruko ziurgabetasunak Peña deialdian sartzea eragin zuen, ostegunean alta jasoz, azken hau oraindik ez baitzen taldearen dinamikara itzuli bere konfinamendutik. Entrenatzaile gasteiztarrak Ohorezko Jubenil Mailako Iker Sanchez deitzea ere erabaki zuen, azkenean debuta egiteko aukerarik izan ez bazuen ere.

Neurketaren lehen zatia oso joko parekatuarekin hasi zen. Ate bila zebiltzan bi taldeak, baina ez zuten azken metroetan asmatzea lortzen. Gainera, bilbotarrek indar eta intentsitate handiz presionatzen zuten eta ondo aprobetxatzen zuten edozein akats erasoan nagusitasuna lortzeko. Hala eta guztiz ere, defentsan sendo jarraitzen genuen eta Otxartabek ez zuen markagailua estreinatu 16. minutura arte, Junik pistaren beste puntatik egindako jaurtiketa batekin (0-1). Minutu bat geroago, Mustak aldea handitu zuen ateko sake batean baloia lapurtu ostean (2-0). Aurkaria hain denbora tarte txikian aurretik nola jartzen zen ikusteak zalantza egitea eragin zion gure taldeari, planetik irteten ari ginela sentituz. Hortik aurrera, atsedenaldirako denbora gutxi falta bazen ere, bilbotarrek ez zuten barkatu eta Junik hirugarrena sartu zuen (0-3). Horrela iristen ginen partidaren erdialdera.

Aldageletatik itzuli ondoren, oraindik joko asko geratzen zen eta gure gaitasunak erakusteko beharra zegoen. Horrela, itxaropenik galdu gabe eta lehen 3 minutuak bakarrik igaro ondoren, Juaristik lehenengoa sartu zuen gure taldearentzat (1-3), lapurreta bat egin eta pista erditik azkartasun handiz irtenda. Bi minutu geroago, Iñigok atzean uzten zituen eskubiko hegaletik bi atzelari eta aldea murrizten zuen bigarrenarekin (2-3). Dinamika horretan sartuta, partidaren norabidea aldatu egingo zela zirudien. 

Hurrengo minutuetan, pixkanaka-pixkanaka, baloia konfiantza handiagoarekin menderatzen hasi ginen. Bigarren zati honetako 5. minutuan, hain zuzen, gehien behar genuenean, Antxonek berdinketako gola sartu zuen eskuadra guztitik, arearen aurrealdean irauliz eta Otxartaberen defentsa zorabiatuz (3-3). Minutu bat geroago, Raidek aurretik jartzen zuen gure taldea markagailuan, Iñigoren baloia hegalean jasoz eta aurkariaren atean baloia punteria handiz sartuz, ia ezinezko angelu batetik (4-3).

Aurretik egon arren, gehiagorako gogoa zegoen eta 34. minutuan Antxonek ia sarea hautsi zuen, ate barruan amaitzen zen zartada batekin (5-3). Ondorioz, Otxartabek 5-eko jokoagatik egin zuen apustu. Aurkariek ez zuten amore eman eta asko saiatu ziren, baina urduritasunak eta tentsioak gora egin eta, amaierarako 3 minuturen faltan, Juaristik seigarren gola sartu zuen (6-3). Kikiltzetik urrun, minutu bat geroago, zazpigarrena sartzea lortzen zuen tolosarrak (7-3) eta azken txistua entzuten zen Ibarran.

Garaipen garrantzitsua emozioz beteriko partida batean. Atzokoak inoiz baino gogotsuago eta indartsuago sinesten eta borrokatzen jarraitzeko balioko digu. Horrelako neurketek erakusten dute ezer ez dagoela erabakita azken segundora arte eta amore ematea inoiz ez dela aukera bat. Horixe da, azkenean, kirol honek duen emozioa. Partidaren amaieran, oso pozik zegoela adierazten zuen Arreguik, batez ere Otxartabe “izugarrizko taldea” dela kontuan hartuta. Datorren astera begira, “itzalak zuzentzen” jarraituko dute, “ondo joan denari eusten saiatuz”.

Azkenik, klubak eskerrak eman nahi dizkie Iker, Eñaut eta Ekaini taldeari babesa emateagatik. Norgehiagoka bakoitzean zuen laguntza ezinbestekoa da. Era berean, Alvaro eta Boli ere nabarmendu behar dira, lehen taldera igo berritan, euren lana eta ahalegina izugarria izaten ari baita. Mila esker ere YouTubeko gure kanaletik partida zuzenean jarraitu zenuten guztiei. Zuen animoak pantailaren beste aldetik iritsi zitzaizkigun.

GOAZEN LAUBURU!!!!

FITXA TEKNIKOA

Lauburu K.E Ibarra: Raid, Juaristi, Antxon, Alvaro, Jorge. Horiez gain: Peña, Iñigo, Boli, Zumeta, Dani, Endika, Iker

Otxartabe C.D: Ivan Mendez, Miguel Gil, David Barbero, Miguel Domostegui, Cristian Blanco. Horiez gain: Jonatan Falagan, Yeray Hernandez, Mustapha El Mechat, Iker Diez, Roberto Pedrueza

GOLAK 

Min 16 Miguel Gil 0-1

Min 17 Mustapha El Mechat 0-2

Min 20 Miguel Gil 0-3

Atsedenaldia 

Min 23 Juartisi 1-3

Min 25 Iñigo 2-3

Min 30 Antxon 3-3

Min 31 Raid 4-3

Min 37 Antxon 5-3

Min 37 Juaristi 6-3

Min 38 Juaristi 7-3