Gure taldeak Laskoraingo bizilagunen aurka jokatu zuen atzo Belabietan, lehen fase honetako azken-aurreko jardunaldian. Atzoko neurketan, 3 puntu baino gehiago zeuden jokaon. Bi taldeek garaipena lortu nahi zuten, bigarren faserako funtsezkoa baita gehitzen jarraitzea. Gainera, tolosarren kasuan, irabaztea ezinbestekoa zen; jaitsierak modu larrian mehatxatzen baititu.
Laskorainek estreinatu zuen markagailua
Partida Iñigo, Zumeta, Antxon, Dani eta Endikarekin hasi zen. Neurketako lehen ekintza Iñigok egin zuen, baloia jokoan jarri eta segundo gutxira jaurtiketa bat eginda. Hortik aurrera, bizkarra irabazi nahian ibili zen Laskorain, etxekoen atera oso azkar hurbiltzeko helburuarekin. Aldi berean, beren defentsa igotzen zuen gauzak are zailagoak jartzeko.
Ibartarrei dagokienez, Antxonek, Zumetak eta Danik izan zuten lehen aukera argia. Hiru biren kontra ateraz, Zumetak Daniri baloia bigarren zutoinean sartu zion, baina baloiak kanpoan bukatu zuen. Iritsi ziren Laskorainen lehen aukerak ere eta, lehen zati honetako 5.minutuan, Arrak markagailua estreinatzen zuen korner baten ostean jaurtitako tiro bikain batekin (0-1). Benetan geldiezina. Ondoren, atsedenaldirako 10:52-ra, beste gol bat igo zuen aurkariak. Boliri txartel horia aterata, estrategia jokaldi bat ondo gauzatu zuen tiro zuzen batekin Beñatek, talde horiko kapitainak (0-2).
Atsedenaldia baino lehen, markagailu aldaketa
2 eta 0-ekoarekin, arrisku handia sortzen saiatu ziren Tolosakoak baloi lapurketekin. Oso erosoak sentitzen dira egoera horretan; are gehiago, kasu honetan bezala, markagailuan aurretik zeudela jakinda. Dena den, partida asko geratzen zen aurretik oraindik.
Horrela, atsedenaldirako 6:30 falta zirenean, Iñigoren gola iritsi zen jaurtiketa indartsu bati esker (1-2). Nafarra behin baino gehiagotan saiatu zen jokaldi bera egiten, aldea murriztu ahal izateko.
Gol horrek ekarri zuen animoekin batera, aurrerago, atsedenaldirako 1:12-ra, Zumetak partida berdindu zuen, bisitariek baloia galdu ostean (2-2). Izugarrizko ekintza egin zuen gure 9 zenbakiak, lehen zatia itxiz eta bigarren zatiari aurre egiteko taldeari funtsezko indarra emanez.
Aukeraz betetako bigarren zati bat eta Jorgeren lan bikaina
Aldageletatik bueltan, Zumeta, Juaristi, Dani, Iñigo eta Jorgerekin hasi ginen. Baloia jokoan jarri eta berehala, aurkariak aukera oso argia izan zuen, Jorgeren atera nagusitasunez iritsiz. Hala ere, 2Xatezain erasoan, Jorgek, gupidagabe, baloia aldentzea lortu zuen bere ausardia erakutsiz.
Ondoren, minutu batzuk baino igaro ez zirenean, gure hirugarren gola iritsi zen Juaristiren eskutik, ezker hanka erabili eta baloia ate barrura bidaliz (3-2).
Minutuak aurrera zihoazen eta bi taldeek emaitza aldatzeko lanean jarraitzen zuten. Tolosarrak, gure jokalariak baino apur bat hobeto, berdintzeko zorian egon ziren. Berriro ere aipagarria da Jorgeren lan eskerga, ez baitzuen behin ere barkatu eta askotan salbatu baitzuen gure taldea. Funtsezko jokalaria atzoko norgehiagokan, zalantzarik gabe.
Jarraian, saiatu arren, markagailua ez zen mugitu azken txistua entzun arte eta talde moreak garaipena lortu zuen. Horrekin, poltsikoan daramatza lehen faseko etxeko partida guztiak Lauburuk.
Partidaren amaieran honakoa adierazi zuen Jotak: “Oso partida zaila izan da eta ez gara aurkaria baino gehiago izan. Lehen zatian bi gol jaso ditugu estrategia jokaldietatik eta garrantzitsua izan da atsedenaldia baino lehen berdinketa lortzea. Bigarren zatian, haiek guk baino aukera gehiago izan dituzte, baina Jorge oso ondo aritu da eta, jokalari guztien lanarekin batera, garaipena lortu dugu”. Gure entrenatzailea pozik dago. Halaber, eskerrak eman nahi dizkie norgehiagoka bakoitzean kiroldegiko leihoetatik gure taldea animatzera hurbiltzen diren guztiei.
GOAZEN LAUBURU!!!!