Gure taldeak Otxartabe C.D taldearen aurka jokatu zuen atzo Bilbon, lehen faseko azken jardunaldiko partidan. Moreek bazekiten ez zela batere erraza izango hain maila handiko pista batean 3 puntuak lortzea, baina zortzigarren garaipena jarraian lortzeko gogor arituko zirela ziurtatuta bidaiatu zuten.

Dani, Juaristi, Raid, Antxon eta Peña izan ziren hasierako bostekoa. Lehen jokaldietan berdintasun handiarekin, Otxartabek markagailua estreinatu zuen 6. minutuan, baloia lapurtu eta gelditzeko oso zaila zen 1×1-eko jokaldi bat burutu ostean (1-0).

Bi taldeak pista erdian defendatzen hasi ziren arren, intentsitatea eta markagailuaren estreinaldia zirela eta, bai etxekoak bai bisitariak presio altua egiten hasi ziren. Era berean, gure taldeak ondo eusten zion ordura arte batez ere Otxartabek zuen baloiaren jabetzari. Horrela, atsedenaldirako 11:19 falta zirenean, Raidek partida berdindu zuen Boliren hegaleko sake baten ostean (1-1). Gainera, gure atezain Peñaren lan handiak eragotzi egin zuen bizkaitarrek aldea handitzea.

Hortik aurrera, aurretik jartzeko abagune argia izan genuen, Danik amaitzen zuen 3×1-eko eraso batekin. Hala ere, atezainak baloia urruntzea lortu zuen. Aurrerago, presio handia egiten jarraitzen genuen eta Peñak funtsezko esku-hartzeak egiten jarraitu zuen. Horrela, atsedenaldirako 3:26-ren faltan, gure taldea aurretik jarri zen (1-2). Raid izan zen berriz ere gola sartzeaz arduratu zena, Daniren asistentzia bati esker. Ondoren, Peñak, zalantzarik gabe atzoko norgehiagokako protagonistak, hiru salbatu zituen jarraian. Handia ibartarra.

Horren ostean, Jotak zuzentzen duen taldeak defentsa ona egiten jarraitu zuen, baloia behin baino gehiagotan berreskuratuz eta azken metroetan hurbiltzen saiatuz. Hala ere, aldaketa gehiagorik gabe, 1 eta 2-ko emaitzarekin amaitu zen lehen zatia. Lorpen hura funtsezkoa zen, aurrez aurre egungo liga txapelduna zutela kontuan hartuta.

Andoni, Antxon, Zumeta, Raid eta Peña izan ziren bigarren zatiari hasiera eman ziotenak. Minutu gutxiren buruan, Otxartabek gol bat sartu zuen bere atean (1-3). Horrek min handia egin zien eta gure taldeak lasaitasun minimo bat sentitu zuen hainbeste tentsioren erdian. Zumetak ere bere aukera izan zuen, baina baloiak eskuadra jo eta ez zuen sartu nahi izan.

Horrekin guztiarekin, amaierarako 4 minuturen faltan, markagailuak mugitu gabe jarraitzen zuen, Peña iritsi zen arte. Gure atezainarentzat ez zen nahikoa izan ordura arteko lan bikaina eta izugarrizko gola sartu zuen bere atetik (1-4). Ondorioz, aurkariak 5eko jokoa aukeratu zuen norgehiagokari buelta ematen saiatzeko. Izan ere, amaierarako 2:49 falta zirenean gol bat sartu zuen, eta 43 segundoren faltan beste bat (3-4).

Hala ere, ez zen gehiagorako denborarik izan eta azken txistua entzun genuen. 3 puntuak Ibarrara zihoazen eta gure taldea bere azpitaldeko txapeldun izendatu zen lehen fase luze eta gogor honetan. Partidaren amaieran, taldeak jardunaldietako bakoitzean egin duen lanarekin oso pozik dagoela adierazi zuen Jotak. “Ezin dut gehiago eskatu. Marko batean ipintzeko moduko denboraldia izaten ari da”, esan zuen entrenatzaile gasteiztarrak.

Garaipen ikaragarria eta 34 puntu ibartarrentzat. Lortu dena sinbolikoa da eta, klubarentzat, benetan pozgarria. Jokalarien eta teknikarien aurpegiak dena esaten zuen neurketa amaitzean: zoriontasuna eta ilusioa, ilusio handia. Orain atseden pixka bat hartzeko ordua izango da, berriro lanera itzuli aurretik. Urrutira iritsi gara eta sakrifizioak merezi izan du. Benetan ZORIONAK Peña, Jorge, Endika, Dani, Juaristi, Raid, Antxon, Boli, Zumeta, Iñigo, Andoni, Alvaro eta, noski, Jota, Vanessa eta Aitor. Txalotzekoa.  

Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu zaleei jasotzen ari garen babes guztiagatik. Faltan botatzen zaituztegu eta badakigu lortutako guztia klubarentzat bezain berezia dela zuentzat. Bihotzez mila esker.

GOAZEN LAUBURU!!!!