Gure taldeak larunbatean ekin zion bigarren faseari eta Zaragozako Pinseque FS taldearen aurka jokatu zuen Belabietan. Horrela, etapa berri honek dakarren ilusio eta gogoarekin, garaipenak pilatzen jarraitzeko eta emaitza bolada onari eusteko asmoz iritsi ziren.
Endika, Raid, Juaristi, Antxon eta Zumeta izan ziren hasierako bostekoa eta, lehen minutuetan, bi taldeen lehen hurbilketa arriskutsuak ikusi ahal izan genituen. Hala ere, azken metroetan asmatu ez izanak markagailua estreinatzea saihestu zuen. Izan ere, Boliri oso gutxi falta izan zitzaion arratsaldeko lehenengoa igotzeko, atsedenaldira joateko 11:40 falta zela. Handik gutxira, berriz ere gola sartzeko zorian egon zen, baina talde aurkariak baloia urruntzea lortu zuen. Azken honi dagokionez, joko maila ona egiten jarraitu zuen, aurretik jartzeko gaitasuna eta gogortasuna erakutsiz. Dena den, hor zegoen Endika, makilapean baloi guztiak salbatzeko, bata bestearen atzetik.
Horrela, lehen zatiaren erdialdera iritsi ginen, markagailua 0-0 zegoela. Orduan, lehen zatia amaitzeko 9:40-ren faltan, partidaren norabidea aldatzeaz arduratu zen Dani, Iñigoren bolea baten ostean area barrutik jaurtiketa bat eginez (1-0). Bi minutu geroago, Zumetak, lasaitasun harrigarriarekin, pista erdian jaso zuen baloia eta baloia sare barrura sartu zuen baselaz (2-0). Tolosarraren markatzeko estiloa, inoiz inor axolagabe uzten ez duena.
Markagailua estreinatzeak eta hain denbora laburrean 2 goleko aldearekin jartzeak indar handia ematen zien etxekoei, pistan lan ona egiten jarraitzen baitzuten. Are gehiago, atsedenaldirako 5 minutu falta zirenean, Andonik aldea handitu zuen (3-0) beste gol garrantzitsu batekin. Salanuevak zuzentzen dituen jokalariek ere maila ona mantentzen jakin zuten, baina, beste aldaketarik gabe, atsedenaldira iritsi ginen Belabietan.
Aldageletatik bueltan, Dani, Raid, Zumeta, Antxon eta Jorgerekin hasi zen jokoa. Gure taldeak ideia argiak zituen arren, kasu honetan Zaragozakoak izan ziren bigarren zatiko lehen gola sartu zutenak. Gol horrek asko motibatu zituen eta aurretik geratzen ziren minutu luzeei aurre egiteko itxaropena eman zien.
Gure boskotea, bere aldetik, ezin hobeto ulertu zen elkarren artean eta markagailuan urrundu eta arnasa hartzeko balio izan zezaketen ekintzak burutu zituzten. Egoera hura funtsezkoa zen kalitatezko aurkari gogor horren aurrean. Hala ere, hain beharrezkoa zen gol hori ez zen iritsi bigarren zatiko 12. minutura arte, beste behin, Zumetaren eskutik (4-1).
Horren ondoren, eta gertatuko zena iragartzen zuen hutsarte batekin, aragoiarrek 5eko jokoaren alde egin zuten, nagusitasuna irabaziz. Dena den, gure taldeak egoera nola defendatu jakin zuen. Gainera, ate hutsa aprobetxatuz, Antxonek behin betiko 5-1ekoa jarri zuen pistako beste puntatik, partida amaitzeko 3:40-ra. Daniri ere gutxi falta izan zitzaion azken minutuan jokaldi bera errepikatzeko, baina markagailuak ez zuen gehiago mugitu nahi izan.
Garaipena eta estreinaldi bikaina bigarren fasean. Gure jokalariak dir-dir ari dira. Asteko lana eta ikaskuntza ikaragarria da eta jasotzen ari diren emaitza onak merezi dituzte. Era berean, fase hau etxean irabazten hasteak erronka berri bakoitzari aurre egiteko balio du.
Partidaren amaieran Jotak honakoa adierazi zuen: “Partida higadura handikoa izan da, aurkaria oso gogorra eta konpletoa baita. Lehen zatian aurretik jarri gara markagailuan eta horrek indarra eman digu bigarrenerako. Haiek gora egin dute beren lehen golarekin, baina guk ondo defendatu dugu egoera. Oro har, berdintasun handiko partida izan da eta, agian, markagailuak ez du hori islatzen”.
Azkenik, gure entrenatzaileak datorren denboraldirako berrituko duela jakin ahal izan genuen partidaren atsedenaldian eta honako hau adierazi nahi izan zuen Gasteizekoak: “Oso pozik nago. Klubak begi onez ikusten du nik hemen jarraitzea eta oso pozik sentitzen naiz, indartsu eta gogotsu. Espero dut jokalariak ere pozik egotea eta talde honek jarraipena izatea. Maila bikaina erakusten ari dira elkarrekin eta denboran mantendu nahi dudan zerbait da dena”.
GOAZEN LAUBURU!!!!