Talde ibartarrak Valladolid Tierno taldearen aurka galdu du 2-5-eko emaitzarekin
Lauburu Ibarra Mahala Madrilen jokatzen ari den Espainiako Kopan parte hartu berri du. Partida ia guztian zehar aurkaria erosoago sentitu den bitartean, talde moreari kosta egin zaio erosotasun horri eustea eta ezin izan du neurketa aurrera atera.
Aitorren mutilak, denboraldi osoko joku moldeari jarraituz, ez dute dudarik izan eta aurkariari goran presionatzea erabaki dute. Presio horri esker, berehala etorri dira lehen aukerak. Lehenik, Ekainen jaurtiketa bat, ondoren, Beñaten beste bat eta, azkenik, Iker Sanchezena. Horrela, taldearen lehen minutuak bikainak izan dira, kantxara aurkaria baino hobeto sartu dela erakutsiz.
Aurrerago, 3.minutuan zehazki, Boli-k txartel horia ikusi du alboko sake bat gazki burutzeagatik. Ondorioz, gure taldea baldintzatua geratu da momentu horretatik aurrera eta presioan ez da horren ausart ibili. Gutxinaka, aurkaria metroak irabazten joan da. Horrelaxe lehen abaguneak sortzen hasi dira; batez ere, Armand-en bitartez. Beren pibot jokoa aprobetxatuz, lehen gerturaketa arriskutsuak egin dituzte Marcos-en atera.
Horrela, 9. minutuan etorri da lehen gola, Armand-en urrutiko jaurtiketa baten bitartez. Marcosek ezin izan du ezer egin, baloia jokalarien artetik atera baita bat batean.
Ondoren, lehenbailen erreakzionatu nahi izan dute ibartarrek eta Eñautek baloi bat lapurtu ostean ez du asmatu aurkariaren atea zulatzen. Talde moratuak ez du etsi nahi izan eta bere lanarekin jarritu du. Hain zuzen, Boli-k abagune ederra izan du moretuen markagailua estrenatzeko, baina, oraingoan ere, trebe ibili da Valladolideko Miguel atezaina.
Arevalo ez zegoen gustora kantxan ikusten ari zenarekin eta hutsartea eskatzea erabaki du. Itzuleran, Beñat-ek zutoina jo du urrutiko jaurtiketa batekin. Taldea erosoago sentitzen hasia zen jada. Hala ere, ez du luzaroz iraun ibarrakoen erantzunak eta Diego Martinez-ek beste urrutiko jaurtiketa baten bitartez Marcosen atea zulatu du partidaren 16.minutuan. Lehen zatiko azken lau minutuetan, Aitorren mutilek minuturik desorosoenak izan dituzte eta aurkariak kontraerasoak aprobetxatuz aukera garbiak sortu ditu 3.n gola sartzeko.
Horrelaxe iritsi da partida atsedenaldira. Arevalok 10 minutu horiek aprobetxatu nahi izan ditu taldekideak noranzko aproposean jartzeko eta bueltan markagailua iraultzeko.
Dena den, segituan zaildu da helburua bigarren zatiko lehen minutuan eta kontraeraso baten bitartez Armand-ek hirugarren gola igo duenean. Horren aurrean, Aitorren mutilak ez dute etsi. Momentu horretan Valladolid-eko taldea partida lasaitzen saiatu da eta piparreroei korri asko egitea bultzatu die. Ibartarrek pixkana pixkana metroak irabazten joan dira eta, falta bat baliatuz, 6.n minutuan Martin-ek gola egin du estrategia jokaldi bikain baten ostean.
Gogoz saiatu dira jokalariak baina aurkariak ere arriskua sortzen jarraitzen zuen. Ibartarren momenturik hoberenak izan dira kantxan. Baina, bigarren golaren bila zihoanean, Bolik bigarren txartela horia jaso du eta taldea bat gutxiagoarekin geratu da. Aurkariak momentu hura aprobetxatuz du 4.n gola egiteko Roberto Vara-ren bitartez.
Gol horrek ez du gure taldea kikildu eta, gaurkoan bigarrenez, Martinek beste go bat sartzea lortu du Unax Iglesias-en pase bikain bati esker. Bi goleko aldea eta oraindik 5 minutu jokatzeke. Orduan, berriz ere hutsartea eskatzea erabaki du Aitorrek bosteko jokoa martxan jartzeko. Hala ere, joko horrek ez ditu ekarri nahi genituen emaitzak eta ezin izan da aurkariaren atea zulatu. Norgehiagoka amaitzeko, Armand-ek azken gola sartu du 13 segunduren faltan.
Horrela ematen diogu amaiera talde morearen ibilbide bikainari. Denboraldi berezi honetan, agerian utzi ditugu gure gaitasunak eta hurrengo urteetan ere momentu eder asko emango dizkigutelakoan gaude.
GOAZEN LAUBURU!!!!
Golak: Min.9 0-1. Armand. Min.16 0-2 Min.20 0-3. Min.26 1-3. Min.31 1-4 Min.34 2-4 Min.39 2-5
Deialdia:
Lauburu Ibarra Mahala: Marcos Alonso (A), Oier Goikoetxea, Ekain Goikoietxea, Beñat Irazustabarrena,Iker Sánchez. Aimar Zubillaga, Martin Ibarbia, Aimar Iturriotz, Jokin Agirretxe, Eñaut Gil, Oier Cuerdo, Unax Iglesias, Unax Zubiria, Iñigo Iriarte.
Valladolid Tierno: Mario Vaquero, Ruben Paniagua, Pablo Sanz, Miguel Pelayo (A), Armand Torrego, Ignacio Cubero, Pablo Blanco, Roberto Vara, Javier Villoslada, Diego Martinez, Antonio Marcos, Victor Pascual, Pablo Rodriguez, Ruben Rodriguez.
Epaileak: Angel Carballo Quijada, Raul Durán Crespo. Eduardo Sierra Gimeno, Jaime Lazaro Angulo