Frantziako Lehenengo Mailako Bastia taldetik pasa ostean, Ermuako jokalariak Klub morearekin fitxatu du denboraldia amaiera arte.
Getafen sortua da Adrián, baina Ermuan bizi da 2007az geroztik; 23 urte bete berri ditu eta azpiko kategorietan zebilenean CD Debabarrenan kointziditu zuen klub moreko hainbat teknikoekin, hortaz, aurretik ezaguna da jokalari hau zuzendaritza teknikoarentzat. Handik, Jota tekniko arabarraren eskutik Bigarren B mailan egin zuen debuta eta ondoren Italiara joan zen zorte bila.
Talde hauetan egona da: Carmagnola 2016, B seriea (bigarren b), Olympique Ostuni 2017 B seriea, Pro calcio Italia C seriea 2017, eta 2018an Luxenburgoko 58 Latdevilds Garnich bigarren mailan (Italiaz gain esperientzia desberdina). Azkenik, denboraldi honetan Frantziako lehenengo mailako Bastia Agglomeration taldean saiatu zen, baina gauzak ez ziren ongi atera eta Ermuara itzultzea erabaki zuen, kirol arloan eta lan esparruan gauzak ordenatzeko asmoz.
Etxetik gertu Bigarren B mailan jokatzeko erabakia hartu ostean hitz hauek eskaini zizkigun jokalariak:
“Egia esan, ilusio handia egiten dit, azken finean, Europako hainbat tokietan esperimentatzen ibili ondoren, etxera itzuli naiz, gertukoengana. Liga, herrialde edota jende desberdinaz ikasteko eta konparatzeko aukera izan dut eta beti esan dudan moduan, Espainian dagoen maila eta bertan kirol hau ulertzen den modua ezin da atzerrikoarekin konparatu. Etxetik gertu berriro 2B nazionalean jokatzeko zortea dut orain, oso kategoria gogorra eta lehiakorra delako. Gogotsu nago!”.
Egokitze tartearen ostean ze balorazio egingo zenuke zure klub berriari buruz?
“Beste jokalariekin entrenatzen egon naizen asteetan, taldeko beste bat gehiago naizela sentitu naiz lehenbiziko egunetik. Oso giro ona dago aldageletan eta hori asko nabaritzen da. Klub serio bat da, Alfredo bezalako entrenatzaile on batekin, eta lan-dinamika on batekin. Klubeko hainbat lagun ezagutzen nituen, baina guztien artean nire egokitzapena azkartzen ari dira. Klubari eskerrak eman nahi dizkiot niregan jarri duen konfiantzagatik. Ongi pasatzea eta guztion artean urte on bat burutzea espero dut”.
Klubak etorrera berri hau egun lantaldeak duen egoeraren barruan kokatzen du, jokalari gutxiko lantaldea izatea, hain zuzen; eta Zuhaitz, Zumeta edo Andoni Agirrezabala bezalako jokalarietan berriro lesioak agertu izana, lehiaketaren beharrak asetu ahal izateko egin gabeko atsedenaldi zein tratamendu egokiak sendatuko zituen antzinako arazoak direla esan nahi du.
Kirol zuzendaritzatik ondoko analisia egin du Juanan Rodriguezek:
“Aurreko denboraldiko apirilaz geroztik lantaldea indartzen saiatu gara, kategorian bertan pauso bat gehiago eman ahal izateko, baina Gipuzkoan eta ondoko probintzietan daukagun merkatua oso mugatua da eta kategoria berean, antzeko helburuak dituzten talde asko daude. Jokoarekin jarraitzaileak gozarazten dituen talde ona daukagu, baina aulkia sendotzea eta postu batzuk indartzea beharrezkoa iruditzen zaigu, momentu honetan eskaini dezakegun erregulartasuna eta errendimendua egungoa bezalako egoeratan ere, mantentzeko.
Ziur gaude Adrik helburua lortzen lagunduko digula eta merkatuan aukera berriren bat sortuko balitz, beste fitxaketa bat egiteari ere, aterik ez diogu itxiko. Lehiaketaren maila igotzen ari da alderdi guztietan, maila goreneko bi kategoriek egun duten tirada medio; honek gure Erkidegoari baino mesede gehiago egiten die beste batzuei, izan ere, lehenengo eta bigarren mailan tokirik gabe geratu diren jokalari asko agertzen baitira eta maila honetan aurkitzen dute tokia. Aldiz, gure inguruan oso jokalari gutxi dago kategoria hauetan, eta maila gorenerako jauziak ez du oihartzun baikorrik gure talde zein merkatuan.
Krisialdi ekonomikoarekin kointzidituz hainbat urte zail pasa ondoren, Estatu mailako areto futbola ziklo berri batean sartu da. Aldiz, euskal futbolak betiko arazoetan korapilatua jarraitzen du, erreferenterik gabe eta azpiko kategorietan egiten den lana beste Erkidego gehienetan egiten denetik oso urrun”.
Aste honetan jaso dugu Frantziar federaziotik Adrianen Transfer-a, beraz, entrenatzaileak nahi badu, Ermuako jokalariak Sala 2012 talde aragoiarraren kontrako norgehiagokan parte hartzeko aukera izan dezake, izan ere, Belabietan lur hartzeko prestaketan ia hilabete daramatza-eta taldekideekin entrenatzen.