eta izan dadila ospe handiz!

Larunbatean SCDR Anaitasuna nafarraren aurka jokatuko dugu lehen itzuli handi honetako azken partida. Belabietan izango da norgehiagoka, 18:30ean, eta zaleen gogo bizia kontuan hartuta, espero dugu harmailak ilusioarekin eta animoekin betetzea. Gainera, klubak ekimen berri bat jarri du martxan, eta kiroldegira hurbiltzen den orok eskuan katilu bat txokolate bero duela gozatu ahal izango du jokoaz. Ezer hoberik ez arratsalde zoragarri bat goxatzeko!!

Horrenbestez, agur esango diogu 22-23 denboraldiko lehen ziklo honi, batez ere, gure entrenatzaileak aste honetan Ser Deportivos Gipuzkoa-ko irrati saioan adierazi duen bezala, “oso maila altuan” dagoen aurkaria hartuko dugulako etxean. Estatistikak medio, taulako bigarren postuan daude Narvaizek zuzendutakoak; izan ere, puntuei dagokienez, 34 pilatu dituzte guztira, hain zuzen ere taldeko egungo liderra den Otxartabek dituen berberak. Hori kontuan hartuta, beste garaipen bat lortzea ezinbestekoa da bisitarientzat ere: alde batetik, lehen postua lortzen saiatzeko (nahiz eta Otxartabek etxean jokatuko duen -vs Villa de Quel-, bilbotarren aldeko egoera izanik hori) edo, bestetik, merezimenduzko bigarren postu horretatik ez aldentzeko, Pinseque atzetik baitute puntu bakarreko aldearekin.

Zentzu horretan, datorren hori batere erraza izango ez dela jakinda, gure taldea normaltasunez entrenatzen hasi da aste honetan. Gabonetako geldialdia ondo etorri da pilak kargatzeko, eta guztiak oso motibatuta daude aurkari indartsu honi aurre egiteko. Horrela, Jotak gure jokalari guztiak deitu ditu (baita Ekain eta Beñat ere, Euskal Ligak igandean jokatzen duela aprobetxatuta), Eric izan ezik. Dakigun bezalaxe, Gabonen aurreko azken partidan lesionatu zen Andorrakoa, eta oso minduta dauka belauna.

Jotaren arabera, gakoa izango da berdintasun-egoerak menderatzen jakitea (berdintasuna egongo baita, eta asko gainera), eta beraz, horren alde egingo dugu!!! GOOOOOAZEN!!!!!