Bihar Zaragozara joango gara 18:00etan aurkari gogor baten aurka lehiatzeko: CD Pinseque, gaur egun taulako bigarren postuan dagoena, eta hemendik denboraldi amaierara arte lidertza lortzeko borrokatuko duena. Izan ere, soilik 3 dira asteburuko gure aurkaria lehen sailkatuarengandik (SCDR Anaitasuna) urruntzen dituen puntuak, eta San Juanen aurka 5-2ko emaitzarekin galtzetik datozela kontuan hartuta, ziur gaude oraingoan ez dutela egoera errepikatzen utziko, are gutxiago etxean jokatuta.

Horren aurrean, gure taldeak azterketa lan sakona egin du astean zehar, ahulguneak eta indarguneak lantzen eta indartzen aritu baita. Gainera, gogora dezagun lehen itzuliko norgehiagokan, gutxi falta izan zitzaigula Zaragozako taldeari etxean irabazteko, 3 puntuek oso gutxigatik egin baitziguten ihes, bosteko jokoaren alde apustu egin genuenean (4-5eko markagailuarekin amaitu genuen norgehiagoka).

Horrela, azken partiden ildoari jarraituta, jokalari guztiak deitu ditu Jotak, baita Euskal Ligako Beñat eta Ekain ere. Hala ere, oraingo honetan gure egoera ez da batere erraza izango, etxean bultzada izugarria izaten duen talde bat bisitatzeaz gain, Dylanen zigorra gehitu baitzaio Ericen eta Alvaroren lesioei. Hala ere, zailtasunak zailtasun, badugu berri garrantzitsua: aipatutako faktoreek nolabait behartuta, bigarren itzuliko bigarren jardunalditik bajan egon arren, Ilias jokora itzuliko da.

Beraz, helburua izango da hasieratik dena ematea, joko estiloa ondo definitzea, eta batez ere, atera begira gehiago ausartzea, azken aldian lortzen ari garen emaitza estu horiek eragiten dituzten sentsazioak iraultzen saiatze aldera. Aragoiko lurretatik berri onak ekartzea espero dugu, beraz. GOOOOOAZEN!!!!