Larunbat honetan Iruñera joango gara gure multzoko txapeldunaren aurka jokatzeko, eta irabaztea edo berdintzea nahikoa izango litzateke laugarren postuan ipintzeko ametsa lortzeko. Gainera, irabazten ez duen bitartean, Zierbenak egindako edozein emaitzak balioko liguke Play Off-ean sartzeko. Hala ere, gure taldeak jakin badaki onena dela helburua geure kabuz lortzea, orain arte bezala bukaerara arte borrokatuta.

Horrekin lotuta, kontziente gara izugarri zaila izango dela nafarren etxean puntuak lortzea, eta bost axola izango zaiela duela bi aste jada Ligako txapeldun izendatu izanak. Ildo horretan, Jotak adierazi du azken jardunaldirako irteerarik onena izan ez arren, munduko ilusio guztiarekin sentitzen dela Play Off-era sartzeko eta denboraldi polita ixteko. Halaber, gaineratu du jokolariak gogor egin dutela lan aste osoan zehar, burua hotz mantenduta. Modu horretara, jokalari guztiak deitu ditu gure entrenatzaileak, Marcos izan ezik, erabat osatu gabe jarraitzen baitu. Euskal Ligatik Beñatek lagunduko digu bidaia honetan.

Azken ahalegin bat besterik ez zaigu falta eta, helburua lortuz gero, bigarren mailara igotzeko Play Off-ean murgilduta egongo ginateke. Kasu horretan, joan-etorriko lehen bidegurutze batean lehiatu beharko genuke, berriz ere SCDR Anaitasuna aurkari izanik (Belabietan izango litzateke lehen partida). Horretaz ere hitz egin nahi izan digu Jotak: “argi dago gurutzaketa zaila dela, baina hain paretsu gaude talde guztiak, eta bai bata zein bestea egoera onean iristen bagara, ezin baztertu fase honetan gure rola ona izango delaren ideia”.

Azkenik, bihotz-bihotzez, eskerrak eman nahi dizkiegu zale guztiei abentura zoragarri honetan parte hartzeko erakutsi duten azkartasunagatik. Badakizue zein garrantzitsua den zuen baldintzarik gabeko babesa sentitzea, eta azken bultzada hori emateko bertan egongo zaretela jakiteak gure bihotzak betetzen ditu. Zuek gabe ezerk ez luke zentzurik izango!!!! Elkarrekin, GOOOOOOAZEN!!!!