Larunbatean denboraldi zirraragarri honetako azken-aurreko partida jokatuko genuen Belabietan. Harmailak beteta ikusteagatik emozioz beteta, egiten ari ginen horretaz oso ziur sentituta hasi genuen partida, gidoitik irten gabe, eta hori izan zen, gure entrenatzailearen ustez, garaipen sendoaren gakoa.

Aurrean genuen taldearen erasorako ahalmenaz erabat kontziente ginen arren, ezin hobeto ulertu genuen zer egin behar genuen. Horrela, presio eraginkor bati esker, izugarri kostatu zitzaion jokoa sortzea, eta beraz, markagailuan 3-0koa islatuta joan ginen atsedenaldira. Lehen bi golak Uriren eskutik etorri ziren, lehenengoa 7. minutuan erditik egindako jaurtiketa baten ondoren eta bigarrena atsedenaldirako 4:44ra, aldaratze bat aprobetxatuta. Ondoren, Ikerrek sartu zuen lehen zatiko azkena 23 segundoren faltan, taldeko jokaldi on bat bigarren zutoinetik amaituta.

Aldageletatik itzulita, Dani, Boli, Oscar, Chuky eta Urirekin hasi genuen bigarren zatia, eta oro har, emaitzak asko lagundu zuen trantsizioa eta jabetza ondo lantzeko behar den lasaitasuna mantentzen jakiteko. Gainera, azken txistua jotzeko 8:21era, Iliasek aldeko laugarren gola sartu zuen Chukyren lapurreta bati esker, eta handik gutxira, antzeko zerbait egin zuen Bolik eskuin hegaletik. Azkenean, Chukyk erabakita utzi zuen norgehiagoka, Quelek atezain jokalaria mantentzen zuenean ate hutsera jaurtitzen.

Partidaren amaieran, zera adierazi zuen Jota harro batek: “Uste dut oso ondo itxi dugula denboraldi osoan zehar etxean egin dugun lana. Play Offean sartzeko aukera guztiak ditugu orain. Pozik nago pabiloia beteta ikusteagatik, egin dugun partidagatik eta ez dugulako aurkako golik jaso”.

Funtsezko garaipena zerura bidean beste maila batzuk igotzeko. Larunbatean izango da denboraldiko azken norgehiagoka, eta liderra bisitatuko dugun arren, gure helburua lortu dugula ospatzea besterik ez dugu espero. GOAZEN BA HORREN BILA!!!! GOAZENNNNNN