Larunbatean Belabietara itzuliko gara denboraldi honetan kategorian estreinatu den beste talde baten aurka jokatzeko: CFS Albelda errioxarra. Beti bezala, norgehiagoka 18:30ean izango da, eta zaleei areto futboleko ikuskizun on bat eskaintzen jarraitzea espero dugu. Kontziente gara gure dinamika ona dela, baina, era berean, badakigu dinamika hori lortzea ez dela erraza eta, horri eusteko, ardura behar-beharrezkoa dela.

Aurrean dugun neurketa aztertuta, aurkari ezezaguna izan arren, Jotak esan digu indartsu datorren taldea dela; izan ere, egun, zazpigarren postuan daude, 8 punturekin, bi garaipen, bi berdinketa eta porrot baten ostean. Gure taldeari dagokionez, Nafarroako lurretatik ekarri ditugun 3 puntuekin, 3. posturaino igotzea lortu dugu, eta, horren aurrean, helburua oso argia da: horri eutsi behar zaio, baita taulan are gehiago igotzen saiatu ere (batez ere kontuan hartuta puntu bakarrera ditugula Anaitasuna eta Otxartabe, lehen eta bigarren postuan dauden taldeak, hurrenez hurren). Horrela, plantilla guztia deitu du gure entrenatzaileak, Ekain izan ezik.

Nekea zertxobait nabari bada ere, gure jokalariak oso motibatuta daude, eta, noski, batzen jarraitzeko gogo handia dute, ahaleginak merezi duela egiaztatu baitute. Gainera, Belabieta bete eta taldearen bidelagun izateko helburuarekin, bazkideei partidara pertsona bat gonbidatzeko aukera eskaintzea erabaki du klubak. Era berean, Merkatarien Elkartearekin lankidetzan, saltokietan sarrerak oparitu ditu zuzendaritzak, merkatariek beren bezeroen artean banatu ahal izan ditzaten. Ilusio handia egiten digu emozioak partekatzeko xedearekin Belabieta betetzeak. 

Aurrera! GOAZEN!!!