Larunbat honetan, arratsaldeko 18:30etan, Jotak zuzendutako taldeak Auzoak de Zierbena C.F.S.-ren aurka jokatuko du Belabietan, ligako hirugarren jardunaldiari dagokion partidan. Aurkaria 6 partida jokatzetik dator, horietatik 3 irabazi eta beste 3 galdu dituelarik. Horrela, guztira 9 puntu dituzte eta taulako 5. postuan daude. Otxartaberekin batera maila honetako faboritoetako bat izanik, beti kopa eta igoera postuengatik borrokatzera ohituta dagoen taldea da Zierbena.
Gure entrenatzaileak “klasiko bat” bezala definitu du bizkaitarren aurkako norgehiagoka eta sailkapenean gora egingo duen talde bat bezala definitu du aurkaria. Gainera, partida “oso parekatua eta Otxartaberen aurka jokatutakoaren oso antzekoa” izango dela adierazi du eta arrisku handia egongo dela amaierako guneetan. Halaber, etxean jokatzea handicap bat dela aipatu du eta horrek puntuak gordetzeko balio behar duela Belabietatik kanpo bidaiatu behar denerako. Bukatzeko, lehiaketaz gozatzeko aukera izatea pribilegio handia dela gaineratu du eta oso pozik dagoela taldearen eboluzioarekin.
Era berean, kontuan izan behar dugu aste honetako errutina desberdina izan dela gabonetako jaiegunak direla eta. Hala ere, taldeak plangintza berezia egin du asteburura baldintza onenetan iristeko. Gure jokalariei dagokienez, Andoni eta Endika baja izango dira berriz ere beren lesioak direla eta. Hori horrela izanik, Ohorezko Jubenil Mailako jokalarien laguntza izango dugu beste behin. Horrela, larunbateko neurketa benetako erronka izatea espero da, hobetzen lagunduko diguten helburuak eta xedeak betetzen jarraitzeko balio izango duena.
Bestalde, astero bezala eta Lauburuko protokoloa betez, taldeak asteazken arratsaldean pasa zituen antigeno testak. Hala ere, zailtasun handiak daude Espainiako Futbol Federaziotik eskuratzen diren testak (bai diru-laguntza bidez jaso behar ditugunak, baita Lauburuk ordaindutakoak) lortzeko. Ondorioz, klubak merkatu librera jo behar izan du teknikari eta jokalari guztientzako probak eduki ahal izateko. Denon segurtasuna da garrantzitsuena, ez soilik jokalariena, federazioko protokoloak adierazten duen bezala.
Aipatutakoaz gain eta edukitzen ari den onarpen ona ikusita, beste behin, neurketa streaming bidez jarraitu ahal izango da YouTubeko gure kanaletik (Lauburu K.E Komunikazioa).
Azkenik, gure zaleei jai zoriontsuak eta urte hasiera ona opa nahi dizkizuegu, urte zail honetan zuen baldintzarik gabeko babesa eskertuz.
GOAZEN LAUBURU!!!!