Lauburu Ibarra Mahala taldeak 1-7 irabazi zion Gora Red Blue taldeari ligako lehen jardunaldiari dagokion partidan. Ibartarrek oso partida serioa jokatu zuten defentsan eta, lan on horren ondorioz, taldeari konfiantza ematen dioten lehen 3 puntuak eskuratu zituzten.

Neurketako lehen minutuetan bi taldeak euren kartak erakusten saiatu ziren. Arevalok zuzendutakoak oso ondo sartu ziren norgehiagokara eta partidako 11. minutuan markagailuan aurrea hartu zuten Beñat Irazustabarrenaren bitartez; bigarren lerroan baloi bat berreskuratu eta, jaurtiketa baten ondoren, goizeko lehena jarriz. Minutu bat geroago, Ekain Goikoetxeak baloi lapurreta bat egin eta 0 eta 2-koa igotzen zuen markagailura.

Minutuak aurrera zihoazen Bilbon eta bi taldeek baloi bakoitza gogor borrokatzen jarraitzen zuten arren, berriz ere ibartarrak izan ziren, talde ekintza bikain baten ondoren, lehen zatia bukatzeko 40 segundoren faltan 0 eta 3-koa jarri zutenak. Gola Jokin Agirretxek sartu zuen oraingoan. Gol honen ostean, etxekoek atezain jokalariaren aldeko hautua egin zuten eta aldea murrizteko zorian egon ziren. Hala ere, Marcos Alonsok hura saihestu eta emaitza horrekin iritsi ginen atsedenaldira.

Bigarren zatiaren hasiera ez zen ona izan. Minutu erdi pasatxoan, etxekoek aldea murriztu zuten markagailuan eta lehen minutuetan alferrikako hutsegiteak egin zituen gure taldeak. Dena den, 12 minuturen faltan, Ekain Goikoetxeak 1 eta 4-ekoa jarri zuen markagailuan, Martin Ibarbiak zuzendutako kontraeraso baten ostean. Bi minutu geroago, Eñaut Gilek gure 5.gola sartzeaz arduratzen zen. Horren ondorioz, etxeko taldeak atezain jokalariaren aldeko apustua egin zuen berriro, baina moreek, baloi lapurreta banatan, 6.na igotzen zuten Martin Ibarbiaren bitartez eta 7.na, berriz, Iker Sanchezen bitartez bukatzeko 5 minuturen faltan. Emaitza honekin ematen genion amaiera neurketari, ibartarrek ligako lehen 3 puntuak gehitzen zituztelarik.

Partida amaitzean, Arevalok honakoa adierazi zuen: “Pozik nago mutilen partidagatik. Egia da baloiarekin erritmo motelean jokatu dugula (normalena entrenamendu faltagatik), baina baloirik gabe taldea espero nuena baino hobeto lehiatu da eta asko gustatu zaizkidan xehetasunak egon dira. Defentsan egindako lan onari esker lortu dugu garaipena. Hurrengo larunbatean talde berari egin beharko diogu aurre berriz ere eta ziur nago aurkariak beste partida mota bat planteatuko duela. Beraz, eszenatoki posible guztiak landuko ditugu”. 

GOAZEN LAUBURU!!!!