Bihar, 18:30ean, Pinseque FS taulako bigarren sailkatua hartuko dugu Belabietan. Pasa den asteburuan gutxi falta izan zitzaigun Loalco Green Colo Coloko beren bizilagunen aurrean puntuak lortzeko eta, arantzatxoa kentzeko gogoz, ahalik eta modurik indartsuenean lehiatu eta gure bertsiorik onena atera nahi dugu.

Zaragozakoak, 47 puntu pilatuta, lidergotik 7 puntura daude. Orain arte jokatu diren 20 jardunaldietatik 15 irabazi dituzte, 2 galdu eta 3 berdindu. Emaitza aipagarriak dira eta atzetik gauden beste taldeengandik nahiko aldentzea eragiten dute. Gainera, Escuelas Ciudad de Guadalajara taldearen aurka 5-5eko emaitzarekin azken norgehiagokan berdintzetik datozen arren, oso argi daukagu dena emango dutela hain urrun ez duten lehen postu horretatik ez aldentzeko.

Horren aurrean, motibazio, energia eta lan gehigarria aktibatu beharko dugu. Aurreko astean iragarri genuen Alvaro eta Juaristi gutxinaka osatzen ari zirela eta, hori kontuan hartuta, plantilla guztia deitu du gure entrenatzaileak oraingo honetan;, hori bai, Jorge izan ezik, aitatxo izan baita. Zorionak Jorge! Disfrutatu etapa polit honetaz! Jubeniletatik, berriz, Marcos, Iker eta Ekain izango ditu laguntzaile.

Batuz gero, sailkapenaren erdian mantendu ahal izango ginateke, eta, jakina beste norgehiagoka guztien arabera, asko hurbil gintezke bosgarren, seigarren eta zazpigarren sailkatuetara. Aldiz, punturik lortu ezean, arrisku-eremura gehiegi hurbildu gintezke. Beraz, badakigu, beste behin ere, ezin diogula ihes egiten utzi asteroko esfortzu hori guztia erakusteko aukerari. Konstantzia. Hori da kontua.

Etxean jokatu genuen azken jardunaldian, zuen animoak eta indarra ezinbestekoak eta garaipenaren zati garrantzitsua izan ziren. Berriro behar zaituztegu! GOAZEN LAUBURU!!!!