Belabietan Gora Grupo Iron taldeari 7 eta 3 irabaziz, atzo iritsi zen bi porroten ondoren sentsazioak berreskuratzeko balio duen garaipena

Jotak zuzentzen duen taldeak Gora bilbotarraren bisita jaso zuen atzo etxean. Partida jokatzeko oso gogotsu, garaipena lortu eta sailkapenaren goiko postuetan mantentzea zen helburua. Hori kontuan hartuta, espero bezala, lehen zatitik hasita, jokoa oso lehiatua egon zen. Bilboko taldea ez da inoiz partidatik jaisten eta, gainera, euren etxean haien aurka jokatu genuenean gertatu zen bezala, baloiarekin jokatzen utzi ziguten, ondoren lehen lerroan presioa egiteko. Horren aurrean, gure taldea kontzentratuta egon zen hasieratik; defentsan lan ona egin zuen eta, erasoan, lasai egoten jakin zuen, presarik eta prezipitaziorik gabe. Horrekin lotuta, arlo horietan ondo gaudenean partidak “beste norabide batetik” joaten direla adierazi zuen gure entrenatzaileak. Eta, hain zuzen, horrela izan zen. Atsedenaldirako 6 milaren faltan, Raidek lehen gola sartzea lortzen zuen (1-0), min izugarria eginez. Markagailuan aurretik jartzeak suposatzen duen emozioa, ordura arte egindako lan onagatik jasotzen genuen sari bezala dastatu genuen.

Bigarren zatiari dagokionez, ezin hobeto hasi ibartarrentzat. 3. minutuan, presioan egindako lapurreta baten ostean eta atezain aurkariak gelditutako hiru jaurtiketen ondoren, Antxonen gola iritsi zen (2-0). Aurrerago, joko onari eutsi genion eta 11 minutu luze falta ziren oraindik ere, Daniren asistentzia on bati esker, Zumetak hirugarrena sartu zuenean (3-0). Horren ostean, aurkariak hutsartea eskatu zuen eta atezain jokalariaren alde egin zuen apustu partidaren norabidea aldatzeko helburuarekin. Hala ere, Zumetaren goletik minutu bat baino igaro ez zenean, Antxon eta Juaristiren arteko lotura ona zela medio, arratsaldeko laugarrena sartu zuen tolosarrak (4-0). Gure laugarren golarekin batera, Gora erantzuteko gogoz agertu zen eta, segundo batzuk geroago, markagailuan hurbiltzeko balioko zuen bere lehenengoa sartu zuen (4-1). Moreek ere gehiagorako gogoa zuten eta, 2 minutu geroago, amaierarako 8-ren faltan, Antxonek eta Juaristik jokoa ondo irakurri, bisitarien despistea aprobetxatu eta beste bi gol sartu zituzten, bakoitzaren artean segundo gutxiko tartearekin (6-1). Ondoren, bost minuturen faltan, Zumetak bere bigarrena sartu zuen baselinaz, zazpigarrena gure taldearentzat (7-1).

7 eta 1-ekoarekin aurkariak duela bi aste Bilbon irabazi zigun markagailu bera genuen. Hala ere, paperak aldatu egin ziren eta orain ibartarrak ziren aurretik zihoazenak. Ziur aski horretaz jakitun, aurkariak ez zuen amore eman nahi izan eta bere bigarren gola sartu zuen (7-2) minutu baten faltan eta partidako azkena, berriz, 43 segundoren faltan; falta batetik jaurtiketa zuzena egin ondoren (7-3). Horrela entzuten genuen Belabietako partidaren amaiera iragartzen zuen txistua eta gure taldeak benetan beharrezkoak ziren 3 puntu lortzen zituen. Aste osoko lan eta ahaleginak bere fruitua eman zuen. Endika gure atezaina ere nabarmendu behar da, zenbait jardunaldi jokatu gabe egon ondoren, oso trebea izan baitzen atean eta hainbat aukera arriskutsu saihestu baitzituen.

Partidaren amaieran, gure taldeak “sentsazio defentsiboak” berreskuratu zituela adierazi zuen gure entrenatzaileak eta “erasoko jokoa nola lotu” jakin izan zuela. “Jokalariek sentsazio onak izan dituzte eta hori erasoan eta defentsan nabaritu da. Zentratuta egon dira eta oso pozik nago”, gaineratu zuen Arregik.

Aste honetan astelehen, astearte, asteazken eta ostegunetan entrenatuko du taldeak Castroren aurkako igandeko partida prestatzeko. “Etxetik kanpo irabaztea garrantzitsua izango da Play Off-etan egoteko, beraz, gogor lan egiteko garaia da”, esaten zigun Jotak.

GOAZEN LAUBURU!!!!