Bihar Nafarroako lurretara bidaiatuko dugu 18:30ean denboraldi honetan mailaz igo den beste talde baten aurka jokatzeko: Tudelako Mateo Muñoz Ribera Navarra.

Joan den larunbatean garaipena lortu genuen arren, 3 puntuak batzeko bizi behar izan genituen zirkunstantziak gogoeta eta lan gogorra egitea eragin digute aste honetan, jakitun baikara faktore guztiak ez direla beti gure alde egongo partida erabakitzeko orduan.

Aurkariari dagokionez, orain arte jokatutako lau jardunaldietatik 3 irabazi ditu eta 1 berdindu. Horrela, sailkapeneko liderra da, eta denboraldi hasierara eta 2B mailako estreinaldira topera iristen den talde horietako bat dela esan dezakegu. Hortaz, jakin badakigu buru-belarri lehiatu beharko dugula eta, hortik abiatuta, jokalari guztiak deitu ditu Jotak, Ekain izan ezik. Gainera, gogora dezagun Txikik ezin izango duela jokatu Zaragozan Coloren aurkako norgehiagokako txartel gorriagatik. Jasotako zigorragatik jokatu ezingo duen azken partida izango da aste honetakoa Aretxabaletakoarentzat.

Aipatutako guztiaren aurrean, honako hau adierazi du Arregui entrenatzaileak: “zerbait positiboa atera nahi dut bihar. Lehen mailako pabiloi batean jokatzeak, beldurtzetik urrun, taldea motibatzeko balio izatea espero dut”. 

Gehiago nahi dugu, eta dena emango dugu. GOOOOOAZEN!!!!