Larunbatean Futsala Villaverde talde madrildarraren aurka lehiatu genuen. Nahiz eta jakitun izan haiek ez zutela oraindik ere sailkapenean punturik batu, Jotak ohartarazi zuen iaz dinamika ona okertu egiten zitzaigula, hain zuzen ere, taulan azpitik zeuden taldeen aurka jokatu genuen partidetan. Ildo horretatik, asteburu honetan agertoki bera errepikatzeko zorian egon ginen.

Arreguik berak adierazi zuen bezala, gure jokalariak ez ziren eroso egon, eta aurkaria arlo guztietan aritu zen gu baino hobeto. “Ez da gure eguna izan erasoan, arazoak izan ditugu zirkulazioan, eta trakets ibili gara arlo teknikoan”, esan zuen partida amaierako elkarrizketan. Ondorioz, markagailua estreinatu zuen aurkariak 12. minutuan eta, 5 minutu geroago, tartea handitu zuen 2 eta 0koa jarrita. Emaitza horrekin, gure entrenatzaileak atezain jokalariaren alde egin zuen apustu. Jokoa hobetzea lortu ez, baina nagusitasunari esker sartu genuen arratsaldeko lehena (2-1, 18. minutua), Boliren eskutik. Aurrerago, atsedenaldirako minutu bakarra falta zenean, berdinketa ipini zuen Chukyren jokaldi on batek (2-2).

Aldageletatik bueltan, helburua argia zen: buelta eman behar zitzaion lehen zati txar horri. Nahiz eta lehen 4 minutuak ondo maneiatu, berriro desagertu ginen, eta hirugarrena sartu zuen talde bisitariak amaierarako 12 minuturen faltan (3-2). Horrek eragin zuen berriro 5eko jokoa erabili behar izatea. Eta, aurkaria 4 faltarekin egoteak itxaropen pixka bat eman zigun arren, markagailua aldaketarik gabe mantendu zen norgehiagokako azken 5 minutuetan sartu ginen arte. Azken txistua entzuteko 4:48 falta zirenean, madrildarrek laugarrena igo zuten (2-4), 40 segundo geroago itxaropena ez galtzen lagundu zigun Bolik (3-4), minutu eta erdi geroago Chukyk argi gehiago eman zigun berdinketarekin (4-4) eta azken minutuan, beste behin ere Bolik, partida erabakita utzi zuen 5 eta 4koarekin. Hortaz, ezin deskriba ditzakegu azken hasperenean garaipena eman ziguten azken minutu bizi horiek.

Zalantzarik gabe, batzea oso garrantzitsua izan da, baina, larunbatekoak ez diren beste egoera batzuetan gure helburua lortu nahi badugu, gauza ugari hobetu eta aldatu behar ditugu. GOAZEN LAUBURU!!!