Ligako txapeldun izendatu ondoren, ekainaren 5ean jokatuko du Lauburu Ibarra Mahalak Espainiako Jubenilen Txapelketari dagokion aurre faseko lehen partida. Ibartarrek merezitako lehen postua lortu dute eta, horri esker, Belabietan izango da aipatutako neurketa. Hortaz, esperientzia berezia eta aberasgarria izango da Klubarentzat eta taldearentzat, nahiz eta ikusleek ezin izango duten bertaratu.

Gainera, Lauburuk laugarren aldiz hartuko du parte txapelketa ospetsu honetan, non oinarrizko areto-futboleko maila goreneko talde nazional onenek elkarren aurka jokatzen duten. Gutxi batzuen eskura dagoen zerbait da hau dena. Izan ere, talde morearekin batera, Inter, Barça, Boadilla edo Pozo bezalako Klub handiek bakarrik hitz egin dezakete horrelako parte-hartze kopuruez. 

Ekaineko lehen asteburuko norgehiagokari dagokionez, Arevalok zuzendutakoek Galdar FS talde kanariarraren bisita jasoko dute. Historia handiko taldea da areto futbol nazionalaren barruan, eta aspaldiko ezaguna Lauburu Ibarrarentzat; bi taldeek elkarren aurka jokatu baitzuten Zilarrezko Mailan.

Aurkariaren ahalmen handia kontuan hartuta (oinarritik lan handia egiten baitu), egin ohi duen joko mota aztertu du Aitorrek. Batetik, maila taktikoan, kanariarrek banakako defentsak erabiltzen dituztela azaldu du, bai pista erdian, bai hiru laurdenetan. “Pilotak atzera egiten duen bakoitzean, lerroak igotzen dituzte galerak eragiteko, eta euren bertuteetako bat kontraerasoa da”, esan du entrenatzaile gipuzkoarrak. Halaber, “baloirik gabe eroso” sentitzen den taldea dela gaineratu du. Bestalde, eraso mailan, 3-1 sistemako zuzeneko jokoa lantzen dutela azaldu du, abantaila espazial edo numerikoak eragiten dituzten bigarren ekintzak eragiteko zain.

Are gehiago, geldikako jokoan, aldeak markatzen dituen taldea dela azpimarratu du; batez ere, sakatzaile/jotzaile bikaina duelako. Jaurtitzeko, mehatxatzeko eta paseak burutzeko erraztasun handia erakusten duen jokalari batetaz ari gara. Azkenik, hirugarren mailako taldearekin dinamikan dauden eta liga horretan jokatzera ohituta dauden kirolariak ere badituztela gogorarazi nahi izan du gure entrenatzaileak. Horrek gure jokalariei falta zaien esperientzia puntu bat eman diezaieke haiei dueluan.

Horren aurrean, gure taldea oso ondo eta kontzentratuta ari da entrenatzen. Gaur egun, kontzeptuak doitzen ari dira partidara ahalik eta baldintza onenetan iristeko. Denek ilusio handia dute gauzak ondo egiteko eta, noski, irabazteko. Beraz, entrenamenduak oso biziak izaten ari dira denboraldiaren azken zati honetan, eta hori lortzea inoiz ez da erraza epe motzeko helbururik ez badago.

Beraz, norgehiagoka berezi baten aurrean gaude, zalantza gabe. Ziur asko, izugarri disfrutatuko dugu eta betirako gogoan izango dugun egun bat izango da larunbatekoa. Ildo horretan, urte batzuk atzera eginda, guztira 9 parte hartze izan ditugu Ligan eta beste horrenbeste Espainiako Jubenilen Kopan.

16-17 denboraldia izan zen Lauburuk txapelketan parte hartu zuen azkena. Klubak gure kirolean erreferente bat den El Pozo Aljucer taldearen bisita jasotzeko ohorea izan zuen. Partida horretan, gaur egun Lehen Mailan dauden jokalari asko Ibarran ikusteko aukera izan genuen. Gainezka zegoen Belabieta batek arratsalde magiko batetaz gozatu ahal izan zuen.

Hora baina bi denboraldi lehenago, 14-15-ean, Liga titulua lortu genuen berriro ere. Oraingoan, Granadako Mutrayilek talde morea kanporatu zuen Belabietan. Final-laurdenetako partida horretan luzapen bat eta penalti txanda ahaztezin bat jokatu ziren.

Azkenik, 04-05 denboraldira jo behar dugu Klubak Espainiako Jubenilen Kopan parte hartu zuen lehen urtea gogorarazteko. Kategoriaren formatua ezberdina zen orduan eta taldeko lehenak zuzenean joaten ziren azken fasera. Ondorioz, talde ibartarra Interviuren aurka aritu zen Cadizen, 5-3 galduz Inter ahalguztidunaren aurka. Gainera, garai hartan, Interrek Lin bezalako jokalariak zituen taldean. Are gehiago, ibartarrek 3 eta 0-eko emaitza bati buelta ematea lortu zuten eta aurkariak gogor aritu behar izan zuen garaipena lortzeko.

Espero dezagun oraingo honetan Arevaloren mutilek zorte hobea izatea eta azken fase horretan sartzea. Gaur egun, oraindik ez dakite non jokatuko den hura, baina ekainaren 12ko asteburuan izango dela baieztatu dute.

GOAZEN LAUBURU!!!!