Bihar Aragoiko Almonacid FS taldea izango dugu aurkari Belabietan (18:30). Joan den larunbatean San Juanen aurka lortutako garaipenari esker, gure taldeak galdu gabe jarraitzen du eta, Iliasek asteko saioetako batean adierazi duenez, “ilusioarekin” lan egiten laguntzen du horrek. 

Gure multzoan berria den aurkariari dagokionez, hamaikagarren postuan dago 7 puntu pilatuta. Orain arte jokatutako 7 jardunaldietatik, 2 irabazi ditu, 1 berdindu eta 4 galdu. Horrela, 10 puntu dira Aragoikoengandik bereizten gaituztenak, baina sailkapen-taularen erdialdea oso berdinduta dagoenez, ziur dena emango dutela Ibarratik ahalik eta gehien eskuratzeko.

Hori eragozteko, Ekain izan ezik, gainerako guztiak deitu ditu Jota Arreguik, beste behin. Entrenamenduak ondo joan dira, eta taldeak gogotsu lan egin du asteburuari begira.

Horrekin guztiarekin, gure harmailak berriro betetzea espero dugu, gure zale maitatuekin poztasun une gehiago partekatu ahal izateko.

GOAZEN!!!!!!!!