Aste honetan Lauburuk Zaragozara bidaiatuko du Patatas Gómez Sala 2012 taldearen aurka jokatzeko. Norgehiagoka larunbatean izango da, 19:15ean, Actur V. pabiloian. Lau jardunalditan garaipena lortuta, Alfredo Hualderen mutilek beste 3 puntu gehitu nahi dituzte sailkapenera. 
Alde batetik, aurkariari dagokionez, gaur egun Ligako sailkapeneko 13. postuan daude 16 punturekin. Orain arte jokatutako partidetan 4 garaipen, 4 berdinketa eta 11 porrota pilatu dituzte. Aurreko astean Tafatrans Vulcanizados Ruiz F.S talde indartsua izan zuten aurrez aurre eta 6 eta 2-ko markagailu batekin galdu zuten.
Bestalde, talde moreak sentsazio positiboak ditu eta, Belabietako azken partidaren ondoren, oso ondo funtzionatzen ari da. Hala adierazi nahi izan zuen Aitzol Oyarbide taldeko kapitainak ere. Lortzen ari diren emaitzekin gustura daudela azaltzeaz gain, Oyarbidek defentsan irmotasunez eutsi eta erasoan gero eta aukera gehiago sortzen ari direla nabarmendu nahi izan du eta hori dela, hain zuzen, 40 minutuetan mantendu behar duten joko maila. 
Hala ere, larunbatean garaipena lortzea ez zela batere erraza izan kontuan hartu beharrekoa da. Izan ere, Alfredo Hualdek adierazi bezala, “maila honetan, ez baduzu golik sartzen eta aurkariari aukerak ematen badizkiozu, edozeinek irabaz zaitzake”. Gainera, taldea ehuneko ehunean ez badago eta aktibatzen ez bada nahi duten lekuan egotea ezinezkoa dela azpimarratu zuen. 
Horrela, larunbatean taldeak erabat kontzentratuta sartu beharko du pistara; jakitun izanik edozein akats txikik ondorio kaltegarriak izan ditzakeela. Jokalariei dagokionez, hainbat baja izango ditugu. Lehenik eta behin, gogora dezagun joan den astean txartel gorriarekin kanporatu zutela Beñat eta horrek partida bateko zigorra ekarri duela. Beñatez gain, Dani ere baja izango da beste astebetez. Azkenik, asteroko entrenamenduetako batean egindako bihurritu baten ondoren, Aitzol zalantza izango da azken momentura arte. Beraz, jubenil taldeko jokalari batzuen laguntza beharrezkoa izango da partidari aurre egin ahal izateko. Baja horiek gorabehera, Hualdek helarazi nahi izan du eurek partida ona egiteko asmoarekin jarraitzen dutela, “jakinik maila handian lehiatu behar dela buruz buruko postuetara iristeko hautagai izaten jarraitzeko”.
Horrekin, jokalariek norberaren onena eskaini beharko dute larunbatean. Lehiaketak 20. jardunaldia beteko du, beraz, bi herenak jokatu dira dagoeneko. Ondorioz, taldeak ez du huts egiteko tarterik. Ziurrenik ohorezko postuetara benetan lotzeko azken aukera izanik, taldea jakitun da maila gorenean lehiatu beharko duela aukerari ihes egiten ez uzteko.
GOAZEN LAUBURU K.E IBARRA!!!!