Larunbatean Bigarren Mailako Colo Coloren filiala den Full Energía Zaragoza B taldearen bisita jaso genuen. Sailkapeneko berdintasuna medio, batzea oso garrantzitsua zela kontuan hartuta (bai guretzat, eta baita aurkariarentzat ere), ez zegoen zalantzarik: gola sartzeko goseak aginduko zuen norgehiagokan.

Horrela, Marcos, Oscar, Uri, Chuky eta Ikerrekin hasi genuen partida, eta positiboa izan zen hasierako sentsazioa; izan ere, hainbat ekintza arriskutsu egin genituen, eta, are gehiago, 1:20 besterik ez zuen behar izan Ikerrek Uriren zerbitzura markagailua estreinatzeko (0-1), lapurreta garrantzitsu baten ondoren. Hala ere, 3. minutuan, talde bisitariak estrategia batetik berdindu zuen neurketa Boliren falta arriskutsu baten ostean (1-1). Hortik aurrera, rolak aldatu egin ziren eta, guk egindako presiotik ateratzea kosta zitzaien arren, bisitariek hartu zuten baloiaren jabetza. 

Atsedenaldiaren ostean, Uri, Chuky, Oscar, Iker eta Danirekin hasi genuen bigarren zatia, eta 3 minuturen buruan, aurretik jarri ziren Zaragozakoak (1-2) kanpoko jaurtiketa batekin. Dena den, 25. minutuan, berriz ere Ikerrek, baloia sartu zuen sare barrura (2-2): Txiki eta Chukyren arteko jokaldi on batek, atzean utzi zuen defentsa, eta bigarren zutoinean jaso zuen tolosarrak.

Momentu horretan berdinketa lortzea oso garrantzitsua izan zen, eta hura mantentzen jakin izan genuen (baita 5 faltekin egonda ere), baina neurketa amaitzeko 8:30 falta zela, aldea handitu zuen aurkariak, lapurreta baten ondoren baloia oso ondo mugituta, eta area barrutik jaurtiketa eginda. 

2-3koarekin, Jotak 5eko jokoa aukeratu zuen, eta Full Energiak aldea handitzeko aprobetxatu zuen ate hutsa (2-4). Geroago, 1:27ren faltan, eta 5eko jokoa mantenduta, eskuadratik sartu zuen izugarrizko gola Chukyk, larunbat arratsaldeko azkena (3-4). Amaiera zirraragarria!

Jotak azaldu bezala, alderdi asko hobetu behar ditugu, batez ere, etxetik kanpo zenbait arlotan huts egiteak are gehiago kondena gaitzakeela jakinda. Ez gaude gure unerik onenean, eta beharrezkoa da  sentsazio onak berreskuratzea Play Offeko postuetan mantentzeko gai izateko. GOAZENNNNN!!!!