Bihar Mengibarrerantz (Jaen) abiatuko gara playoff-eko bigarren fasean murgilduta, itzulerako partida jokatzeko. 10 orduko autobus bidaia dugu aurretik, eta beraz, eguerdiko 14:00etan irtengo gara Belabietatik, datorrenerari aurre egiteko energiarekin beteta.

Badakigu joan den asteburuko 2-8ko emaitza kontuan hartuta oso zaila izango dela hurrengo fasera pasatzea, baina, hala ere, amore ematetik oso urrun gaude. Zentzu horretan, Jotak azaldu digunez, taldea ez da joango Jaenera “arratsaldea pasatzera”, eta zalantzarik gabe, zailtasun eta oztopo bakoitzaren gainetik, aipatutako markagailua iraultzen saiatuko dira; izan ere, jokalari guztiak deitu ditu gure entrenatzaileak, borroka honetan murgildu, eta norberaren merituengatik lortutako amets honetatik ez jaisteko.

Betirako gordeko dugun abentura da hau. Bizitzen ari garena sinestezina da, eta nork esango liguke urte bakar batean 3. mailara jaisteko zorian egotetik, bigarren mailan jokatzeko igoera faseetan buru belarri arituko ginela.

Azkenik, jakin badakigu gure zaleen zati batek bere kabuz bidaiatuko duela Jaenera, etxetik kanpo ere laguntzen jarraitzeko. Izugarri eskertzen dugu keinu hau, eta espero dugu esperientziarekin orain arte bezala gozatu ahal izatea. Dena den, partida zuzenean jarraitu ahal izango da JaenEnjuego YouTubeko kanaletik, 18:25etik aurrera.

IBARRATIK ZEIN JAENETIK, DENOK ELKARREKIN!!!! GOOOOOAZEN!!!!