Gure taldeak Pinsequera bidaiatuko du bihar, gure entrenatzaileak dioenez, “kategoriako talderik onenetako bati” aurre egiteko

Ligako seigarren jardunaldia jokatuko dute ibartarrek bihar Pinseque-n (Zaragoza). Arratsaldeko 18:00etan izango da norgehiagoka eta aurre denboralditik lesionatuta egon den Boli berreskuratuko dugu.

Aurkariari dagokionez, sailkapeneko 4. postuan dago gaur egun, bere bizilagunak diren Patatas Gómez Sala 2012 eta Escuelas Ciudad de Guadalajara-rekin puntuetan berdinduta. Orain arte jokatutako 5 norgehiagoketatik 3 irabazi dituzte eta 2 berdindu. Oraindik ez dute porrota ezagutu, beraz.

Horrek guztiak agerian uzten du zaragozakoek osatzen duten plantilla indartsua, PlayOff inguruan egoteko diseinatua dagoena. Iaz, ondo hasi ez arren, egoerari buelta eman eta denboraldia ezin hobeto bukatu zuten, gutxinaka koskak igoz eta Errege Koparako ere sailkatuz.

Horrela, gure taldeak mentalizatuta bidaiatzen du. Iaz bigarren fasean gurutzatu ginen aurkariarekin eta, Belabietan irabazi arren, Dani Salanuevaren taldeak 5 eta 0 irabazi zuen etxean. Beraz, badakigu zeri egin behar diogun aurre eta ez du inolako aitzakiarik balio. Jotaren arabera, asteko lana ona izan da eta, prestakuntzari dagokionez, joan den larunbatean Colo Coloren aurka jokatutako partidak lagundu egin die gure jokalariei. Gainera, berri on batekin bidaiatzen dugu: dagoeneko bere lesiotik osatuta, bueltan dugu Boli. Era berean, Chuky ere izango dugu gurekin, berarentzat bigarren jardunaldia izango den horretan. Ondoren, Xabi eta Alvaro izan ezik, beste guztiak deitu ditu Arreguik, baita gure Euskal Ligako betiko jubenilak ere.

Sentsazioak onak dira. Hain trebeak diren eta ondo zuzenduak dauden taldeen aurrean, ez dago besterik. Badakigu puntuak lortzea ez dela erraza izango, baina landutako guztia baliogarria izatea espero dugu. Azkenean hori da kontua, dena ematea, handinahiak izatea eta egunez egun helburuak gainditzea. Kategoria hau horrelakoa da eta esfortzu handia egin behar da goi-postuengatik borrokatu nahi bada.

GOAZEN LAUBURU!!!!