2B mailako gure taldeak etxean galdu gabe jarraitzen du, atzo Zaragozako Loalco Green Colo Colo-ri 8 eta 4 irabazi ostean

Jotak zuzen dituenak Loalco Green Colo Colo, Bigarren Mailan ari den taldearen filiala, hartu zuten atzo Belabietan. Aurkariak osatzen duen egitura kontuan hartuta, norgehiagokak eskatuko zuen etengabeko lanarekin mentalizatuta hasi genuen lehen zatia Jorge, Oscar, Adil, Eñaut eta Ikerrekin.

Arratsaldeko lehen aukera argia kanpokoek barkatu bazuten ere, gure taldeak ere ekintza arriskutsuak sortu zituen lehen minutuetan. Horren isla, Christianek markagailua estreinatu zuen 6: 30. minutuan (1-0). Hala ere, euforiak gutxi iraun zuen, segundo gutxi batzuk gehiago behar izan baitzituen aurkariak berdinketa lortzeko bigarren zutoinetik (1-1). Geroago, ekuatorerako 11:26ra, Christianek berriz jaurti eta, atezaina hura gelditzeko zorian egon arren, baloia barrura sartu eta aurretik jarri ginen berriro (2-1).

Iker eta Ekainen 2×2 bat, pistan zeuden 4 jokalarien defentsa ona eta Jorgeren aldaratze garrantzitsu bat baino gehiago izan ziren ekintza aipagarrienak hurrengo minutuetan. Hala ere, horrek ez zuen eragotzi Zaragozakoek neurketa tauletan jartzea, atsedenaldirako 7:59ra beren bigarrena sartuta (2-2). Haiek ere partida ona jokatzen ari ziren eta markagailuak zuzen islatzen zuen berdintasuna jokoan. Minutu eta erdi geroago, talde bisitariak aurrea hartu (2-3) eta Jotak hutsartea eskatu zuen.

Ondoren, jada lehen zatiko azken 5 minutuetan sartuta, Christianek kanpoko jaurtiketa egin eta berdinketa iritsi zen beste behin  (3-3). Horrela iristen ginen atsedenaldira.

Aldageletatik itzuli ondoren, Jorge, Christian, Adil, Oscar eta Ikerrekin hasi ginen. Jokoan zein elektronikoan berdintasuna mantenduz, bigarren zati honetako 6. minutura arte itxaron behar izan genuen beste gol bat ikusteko, oraingoan Zaragozakoen eskutik, bigarrenez aurretik jartzea lortu baitzuten (3-4).

Orduantxe bertan, Oscarrek eta Adilek kontraeraso batean izan zuten aukera paregabea, eta, gehiagorako gogoz geratu ondoren, eurak izan ziren protagonistak Belabietari berriro berdinketa ekarri zion ekintzan. Adilek sartu zuen baloia sare barrura, Oscarren zerbitzura, amaierarako 9:42 falta zela (4-4).

Bi minutu geroago, Christianen jaurtiketa baten ondoren, ondo aprobetxatu zuen aldaratze bat  Ikerrek, ibartarren bosgarren gola sartuz oso une garrantzitsuan (5-4). Aurretik jartzea funtsezkoa zen eta hori egiteak min egin zion aurkariari. Horrez gain, bere jokalarietako bat bigarren aldiz txartel horia ikusteagatik kanporatu zuten.

Beraz, nagusitasunean jokatzea tokatzen zen, aukera alferrik galtzea oztopo handia izango zela jakinda. Horren aurrean, Colo Colok defentsan ondo eutsi zion arren, bat gehiagorekin jokatzea abantaila handia da beti, eta gola berehala iritsi zen amaierarako 3 minutu baino gutxiagora (6-4). Seigarrenarekin, helburutik gertuago sentitzen ginen, distantzia handitzea ezinbestekoa baitzen atzo arratsaldean.

Talde bisitariak, berriz, 5-eko jokoaren alde egin zuen gureei heltzeko asmoz. Hala ere, hori egiteak beti dakar atea hutsik uzteko arriskua. Kasu honetan, gure 10. zenbakia izan zen hori erakusteko arduraduna, bi lapurreta egin eta pistako beste aldetik ate hutsera jaurti ondoren, bat minutu baten faltan, eta, bestea, 50en faltan (8-4). Horrekin, azken txistua entzuten genuen eta hiru puntuak Belabietan gelditzen ziren.

Lan handia egin du gure talde osoak. Halaber, bereziki azpimarratzekoa da Chukyren ahalegina, atzo bertan Kolonbiatik iritsi berri estreinatu baitzen Ligan, bere maila eta kalitate altua erakutsiz. Gainera, baloi bat baino gehiago filtratu zion Christiani, azken honek jaurtiketa arriskutsu bat baino gehiago egiteko. Horri guztiari dagokionez, gure entrenatzailea oso pozik sentitzen da eta Chuky oso jokalari moldakorra dela adierazi zigun. Era berean, partidari dagokionez, aurkariak baliabide taktiko asko erakutsi zituela esplikatu zuen. “Aspaldi ez nuela hain ondo armatutako talde bate ikusten”, zioen Jotak.

Ze poza etxean garaipena eta 3 puntuak gure zaleekin partekatzea. Datorren larunbatean Pinsequen jokatuko den partidari begira konstanteak izaten jarraitzea tokatzen da orain. Etxetik kanpo jokatzea beti da zailagoa eta, beraz, lanez betetako aste hau oso garrantzitsua izango da batzen jarraitze aldera.

GOAZEN LAUBURU!!!!