Iritsi da eguna. Lauburu KE Ibarrak bere historiako 28 urte emankorretan lehenbiziko aldiz jokatuko du Errege Kopako bere lehenengo norgehiagoka. Zilarrezko mailan (orain bigarren maila deritzo) sei denboraldietan zehar egon bada ere, talde morea asteartean estreinatuko da 2010/2011 denboraldian sortu zen lehiaketa nazional honetan.
Partehartze hau, Alfredo Hualderen mutilak pasa den denboraldiko ligan hirugarren postuan geratzeagatik lortutako saria da. Halabeharrez, orain hiru aste burututako zozketan 2. multzoko bigarren eta hirugarren sailkatuek partidu bakarreko aurretiko erronda bat jokatu behar zutela atera zen. Hauxe izango da asteartean Lauburuk jokatuko duen norgehiagoka; bizi hala hileko neurketa betiko ezagun baten kontra: Iruñeko AD San Juan – Donibane KE. taldea. Jokoan, finaleko 32. errondara pasatzeko txartela, non irabazleak Bigarren Mailako talde baten kontra jokatuko duen.
San Juan taldeak, urte bikain bat eginda gero, Iker Bizkai mantenduko du gorputz teknikoan eta lantaldea ere, aurreko denboraldiko bera izango da, Igor Echarri, Lauburuko jokalari ohiaren etorrerak indartuko duelarik. Denboraldi honetan bi norgehiagoka ofizial jokatu dituzte, bat Nafarroako Kopako finalerdietan, non Aspilen kontra galdu bazuten ere, lehenengo mailako talde baten kontra jokatuz aurpegia eman zuten; eta bestea pasa den larunbatean, non ligako lehenbiziko jardunaldian Alacanteko Ibi taldearen kontra 1-5eko emaitza sendo batekin irabazi baitzuten.
Garbi dago moreak eta berdeak jokatuko duten norgehiagokak berebiziko garrantzia duela, baina zoritxarrez, Alfredo Hualderen mutilak neurketa hori prestatzeko entrenamendu bakarra izango dute. Berri onak ere badira hala ere, izan ere, lehenengo jardunaldian baja kopuru handiagatik azken orduko zalantzak izan baziren ere, oraingoan Alex izango da lesionatua jarraituko duen bakarra.
Alfredo entrenatzaileak honela zioen: “Egia esan, goizegi iritsi den bazterketa dela iruditzen zait, talde guztiak, lehiatzeko eta lantaldeak puntuan jartzeko egun gehiago beharko genituzke. Hala ere, iaz hainbeste kostata lortutako sariaz gozatzera joango gara. Eta ez dugu guk bakarrik gozatuko, Belabietara etorriko den jendeak ere aurkari handi baten aurrean nola lehiatzen dugun ikustea nahi dugu. Hurrengo errondan egotea nahi badugu gauzak oso ongi egin behar ditugula kontzienteak gara, saria potoloa da, beraz sinesten jarraituko dugu”.
Garrantzia handiko neurketa honetan taldeak Ibarrako jarraitzaileen bultzada eta babes guztia beharko duela esan beharrik ez dago. Saria handia da eta jokalariak dena emango dute pistan hori lortzeko. Ibartarrez gain, areto futbolaren jarraitzaile guztiak animatzen ditugu ikuskizun paregabe hau ikustea etortzeko. Guztion artean ikuskizun honek duen garrantziaren pareko sarrera kopurua izatea lortuko dugu.
Ez ahaztu: ASTEARTEA, IRAILAK 18, 20:00etan
Oharra: Atsedenaldian publikoaren artean (bazkide izan edo publikoa), Mahalako produktuen saski bat eta Danon Txokoak prestatutako lote baten zozketa egingo da.
#AukeratuMoreeginLauburu
#GoazenLauburuKEIbarra