Lauburu Ibarra Mahalak 3-1 irabazi zion Portugaleteko Jarrilleros taldeari ligako hirugarren jardunaldian eta honekin bere hirugarren garaipena jarraian egin du. Lan asko egin behar izan zuten ibartarrek bisitariek menderatzeko, jokoaren alderdi desberdinetan talde moreari sufriaraziz Bizkaitarrek irudi bikaina eskaini zuten-eta.
Partidaren hasiera bertako taldearen mesederako izan zen, bisitarien sakearen ondotik Martin Ibarbiak pista erdian baloia ostu eta 10 metroetatik botaz lehenbiziko gola sartu baitzuen. Gol honek ezustean harrapatu zituen bisitariak eta 3 minutu beranduago Aimar Iturriotzek, estrategia ekintza baten ostean 2-0ekoa egin zuenean are gehiago.
Lauburu ongi sartu zen partidan eta laugarren minuturako bere aldeko errenta lortuta zuen jada; arratsalde erosoa izatea espero zen beraz, baina esperientziak esaten digu kirol honetan edozer gauza gerta daitekeela eta halaxe da: zortzigarren minutuan Ibarrak bosgarren falta pilatu zuen. Honek defentsa lerroak pista erdira jaistea eragin zion Aitor Arevaloren taldeari; eta bisitariek jokoa sortzean presiorik sentitu gabe, eroso sentitu ziren pibotaren baliabideak erabiliz. Norgehiagokaren 13. minutuan epaileak penalti bikoitza agindu zuen bisitarien alde, baina zorionez, Marcos Alonsok geratzea lortu zuen. Hala ere, 20 segundo beranduago defentsa-lan eskas baten ondorioz, bizkaitarrek 2-1ekoa ezarri zuten markagailuan. Zortzi minutu falta ziren lehenengo zatia amaitzeko eta bertako taldea ez zen eroso sentitzen, bere ohiko defentsa ezin burutuz eta markak ohiko intentsitatearekin estutu ezinik. Emaitza honekin iritsi ziren atsedenaldira, lehenengo zatiaren amaierara; bisitariek etxeko taldea zokoratzen amaitu zuten lehenengo denbora.
Bigarren denbora hasi zen eta Ibarrako taldea erasora itzuli zen. Lehenbiziko minutuan bi aukera izan zituen baloia geldirik, baina bi jaurtiketak atearen gainetik Joan ziren. Bisitariek ere estutzen hasi ziren, baloia geldirik zutenean edota pista erdian lortutako baloiekin. Hala, norgehiagoka intentsitateaz igotzen hasi zen eta bi taldeak aukera berdintsuak izan zituzten golaren aurrean, baina bi atezainek bigarren zati bikaina egin zuten eta markagailua bere horretan geratu zen azken minutuak arte. Bost minutu faltan, Jokin Agirretxek 3-1ean jarri zuen markagailua Javi Ayerbe atezainak egindako sake luze bat aprobetxatuz. Portugaleteko taldeak orduan atezain jokalaria atera zuen eta lehenengo erasoaldian aldea txikitzeko zorian egon ziren. Hasiera batean defentsa doitzen ibili ondoren, gerora gol bat gehiago sartzeko aukerak ere izatera iritsi zen talde morea, baina azkenean emaitza horrekin amaitu zen norgehiagoka.
Amaieran entrenatzaileak hitz hauek esan zituen: “Zorionak bisitariei jokatu duten norgehiagokagatik, gaizki pasarazi digute-eta. Lehenengo zatian bost falta horiekin baldintzatuta egon gara, zazpigarren minuturako pilatu baititugu eta horrek dena aldatzen du. Bigarren zatian 3-1 eta 4-0 jokoak txandakatu ditugu, jokoa ondo orekatu dugu egoera desberdinekin; parean izan dugun taldea oso talde saiatua da, ez du inoiz etsitzen eta azkenera arte borrokatzen du. Guk horrelako taldeak behar ditugu hazten jarraitzeko. Oso gustura sentitzen naiz mutilak burutu duten partidaz, sufritzen eta erantzuten jakin izan dute”.
Jubenil probintzialak ere garaipen garrantzitsu bat lortu du “Eguzki 2KN” taldearen kontra, 1-4ko emaitza eginez; Senior filialak berriz Lezon binako berdinketa egin du Gaintxuren kontra. Gainerako beste taldeek ez zuten lehiatzen asteburu honetan larunbateko jaieguna zela eta.
Gogoan izan oraindik Lauburuko parte izateko aukera daukazuela, txartel morearekin 2.B-ko norgehiagokak doan ikusteko aukeraz gain, Ibarrako dendetan txartela erakutsita hilero 50 euroko erosketa txeke bat irabaz dezakezue-eta.
#AukeratuMoreeginLauburu #ZurekinGehiagoGara #GoazenMorez