Lauburu Ibarra Mahala taldeak 2-3 irabazi dio Asturiasko Gijón Playas taldeari bigarren faseko 4. partidan eta denboraldiko 18. garaipena lortu du jarraian. Horri esker, piparreroek Espainiako Txapelketarako txartela ziurtatu dute, oraindik 4 jardunaldi jokatzeke dituztela

Xixongo El Llano pabiloian jokatuko dute gaur goizean taulako lehen bi sailkatuak. Partida lehiatua izango zela aurreikusten zen eta Asturiaseko zaleek kantxa gainean bi taldeek eskainitako ikuskizunaz gozatzeko aukera izan dute.

Partida sake ibartarrarekin hasi da. Etxeko taldeak pista erdian aldaketak egiteko defentsa proposatu du, Arevalok zuzendutako taldeak etxeko planteamendua desegiten saiatzen zen bitartean, berezkoa duen joko posizionalaren bidez. Lehen minutuetan, bi taldeak partidaren kontrola hartzen saiatzen ari zirela, talde morea arduratu da partidako lehen kolpea finkatzeaz, Ekain Goikoetxeak burututako kontraeraso bikain batekin.

Partida oso bizia eta ikusgarria izaten ari zen eta, momentu batez, jokoa desantolatu egin da. Ondorioz, bi eremuetan egoera arriskutsuak ikusi diren arren, azken metroetan inor ez da fin aritu. Horrela, lehen zatia amaitzeko 8 minutu falta zirenean, talde moreak bosgarren falta egin du eta, 4 minutu geroago, seigarrena. Hortaz, bertakoek penalti bikoitza jaurti eta berdinketa ipini dute markagailuan. Aurrerago, lehen zatiko azken minutuetan, moreek estutu egin dute eta aurrea hartzeko aukera pare bat izan dituzte. Hala ere, emaitza gehiago mugitu gabe iritsi gara atsedenaldira.

Aldageletatik itzuli ostean, bisitariek puntu bat gehiago igo dute pistako oldakortasun maila eta ez dute zalantza egin bizkarra irabazi eta korrika egiteko aukera zegoen bakoitzean. Bertikaltasun horren ondorioz, bigarren zatiko 4. minutuan, Aimar Iturriozek 1 eta 2-koa jarri du markagailuan. 3 minutu geroago, Iker Sanchez kanporatua izan da. Horren ostean, ibartarrek oso txukun defendatu dute eta, beharrezko bi minutuak pasata, laugarren gizona berreskuratu dute berriro. Ondoren, partida amaitzeko 8 minuturen faltan, Oier Goikoetxeak 1 eta 3-koa igo du. 30 segundo geroago, moreek bosgarren falta egin dute, oraindik ere dena erabakitzeke zegoenean. Horrela, azken txistua entzuteko 6 minutu falta zirela, etxeko taldeak atezain jokalariaren baliabidea aukeratu du aldeak murrizteko. Horrekin batera, 3 minuturen faltan eta penalti bikoitz bati esker, 2 eta 3-koa ipini du Asturiaseko taldeak. 

Bazirudien partida zaildu egingo zitzaiela gazte ibartarrei, baina sufritzen jakin dute. Garaipen honekin, 18. garaipena lortu dute jarraian eta 8 puntu ateratzen dizkiote bigarren sailkatuari, jokatzeke 4 jardunaldi geratzen direla.

Partida amaitzean, Arevalok honakoa adierazi du: “Lehen zatia oso lehiatua eta orekatua izan da. Bigarrenean, partidaren norabidea aldatu dugu eta zuzenean jokatzen hasi gara. Haiei kostatu egin zaie baloi horietara iristea, erabili duten errotazio eskasaren ondorioz. 1 eta 2-koarekin Ikerren kanporatzea sufritu dugu, baina mutilek oso ondo defendatu dute eta, laugarren gizona berreskuratu eta gutxira, hirugarren gola geldikako jokaldi batean sartzeak min egin die. Une horretako tentsioaren ondorioz, partida amaiera zoro samarra izan da, baina sufritzen jakin dugu, Espainiako txapelketarako txartela ematen digun garaipena lortuz. Zorionak mutilak!! Lan bikaina. Orain astebeteko atsedena hartzeko garaia da, garaipenaz gozatuz eta bigarren itzuliari aurre eginez, hura lehenengoa bezain gogorra izango baita”.

GOAZEN LAUBURU!!!!