Lauburu Mahala Ibarrak Asturiasko Pola de Siero herrira bidaiatuko du larunbatean, bertako taldearen kontra jokatzeko iluntzeko 18:45ean. Ibarrako espedizioa 10:45ean aterako da Belabietatik. Moratuek ligako azken hiru norgehiagoka irabazi dituzte eta 24 puntuetatik 20 eskuratu; garbi dago goiko postuak lortzeko lehian bolada on honekin jarraitu nahiko dutela. Inauteriak amaitu diren honetan, Aitor Arevaloren mutilak asteburuko neurketari begira jarrita itzuli ziren entrenamenduetara asteazkenean. Aste motza izan da hala ere, bi egunetan entrenatuko dute, baina azken asteetan jokoaren hainbat alderdietan egindako akatsak zuzentzeko baliatuko dituzte.
Siero FS taldea ligako errebelazio taldea bilakatu da, 21 punturekin bosgarren postuan daude, eta 7 norgehiagoka irabazi eta 6 galdu dituzte; liga guztian areto futbol onena egiten duen taldea da. Joaneko partiduan 5-2 irabazi zuten ibartarrak, baina norgehiagoka paretsu joan zen, Ibarrakoek joa handiagoa izan zuten eta hori izan zen irabazteko arrazoia.
Entrenatzaileak honela baloratu zuen partidua: “Oso lehiakorra den talde baten kontra jokatuko dugu eta gainera, baloia ongi maneiatzen du. Joaneko partiduan inpresio ona izan nuen eta irabaztea kosta egin zitzaigun. Etxetik kanpora golak markatzea kostatzen ari zaigu, oraingoz 14 gol sartu ditugu kanpoan, eta etxetik kanpora zazpi partidu jokatu ondoren nahiko eskasa da hori. Kontuan hartu behar da helburua sailkapenean ahalik eta gehien igotzea dela, jokalarien formazioa eta eboluzioa lehenetsiz, helburu handien bila joan daitezen. Alderdi honetan pauso bat gehiago eman beharra daukagu eta talde moduan ditugun bertute guztiez baliatu; batzuetan, kanpoan jolasten dugunean alde batera uzten ditugu edota ez dugu jakiten hortik onena ateratzen”.